argia.eus
INPRIMATU
Kuba eta Floridan larunbaterako espero dituzte ‘Irma’ren astindu gogorrenak
  • Karibeak inoiz ezagutu duen urakanik bortitzena, Haiti eta Dominikar Errepublika kolpatu ondoren, ostiralean ari da pasatzen Bahama uhartee gainetik eta Kubako ipar-ekialdera hurbiltzen, azkenean AEBetako Floridan lehorreratzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2017ko irailaren 08a
'Irma'k eragindako kalteak Saint Martin uharteko aireportuan. (Argazkia: El Informante)

Karibean zehar egiten ari den txango suntsitzailean, Irma urakanak ostiral eguerdia arte 18 hildako -behin-behineko kontabilitatean- eta bazter guztietan etxeak bezala azpiegiturak suntsituta utziak zituek. Kuban ostiral goizaldean sentitzen hasiak ziren lehen eraginak Guantanamo probintzian. Larunbaterako espero dituzte kolpe gogorrenak, bereziki Camaguey, Ciego de Avila, Villa Clara eta Sancti Spiritus eskualdeetan. Horietan 700.000 herritar baino gehiago ebakuatu dute eta paraje arriskutsuenetan zeuden 34.000 turista ere bai. Larunbaterako ari dira prestaketak egiten AEBetako Florida eta inguruetako estatuetan, non oraindik konpondu ezinik dabiltzan Harvey ekaitzak eragindako kalteak; 600.000tik gora ebakuatuak zituzten ostiralerako. Ostegunetik ostiralerako gauean haizeak bere abiadura pittin bat –orduko 250 km– jaitsi duela eta, ekaitza mailaz jaitsi dute, orain 4. mailakoa da.

Handiak izanagatik kalteak Dominikar Errepublikan eta Haitin, espero zirenak baino txikiagoak gertatu dira, lehen informazioen arabera. Aldiz, Antilla Txikiak osatzen dituzten uharte askotan hondamendia erabatekoa da. Irla horietako zenbait Erresuma Batuarenak, Holandarenak edo Frantziarenak direnez, horiek beren armadak bidali dituzte laguntzarekin. Britainia Handiko gobernuak kritika gogorrak  jaso ditu bere herritarrak aski babesik gabe utzi izanagatik.

Ezbeharrak sarri sailean iristen baitira, Karibe inguruetan dagoenekoz beste bi ekaitz tropikal ari baziren indartzen –Jose 3. mailara iritsi eta espero da Irmak egin duen bide bera pasatuko duela, Katia ez da ahaztu behar...–, ostegunetik ostiralerako gauerdian 8,1eko lurrikara gertatu da Mexikoko Chiapas inguruko itsasoan, lurrikarak berak hildakoez gain –bost, lehen informazioen arabera– tsunamia ere eraginez.

[13:30ean eguneratua]

'Irma'ren etorrerarako herritarrak ebakuatzen Kubako Baracoa herrian. (Argazkia: Cubadebate)
'Irma'ren etorrerarako herritarrak ebakuatzen Kubako Baracoa herrian. (Argazkia: Cubadebate)