argia.eus
INPRIMATU
Kuba ebolaren aurkako borroka gidatzen, Mendebaldeak bere mugei begiratzen dien bitartean
  • 165 osasun langile kubatar iritsi dira joan den astean Sierra Leonara, 461 pertsonako taldearen lehen txanda. Bitartean, herrialde aberatsek segurtasuna eta birusa beraien mugetan ez hedatzea dute jomugan.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 14a
Nazioarteko laguntza taldeetan oso parte hartze handia izan ohi du beti Kubak. Egun, 50.000 osasun langile kubatar daude 66 herrialdetan zehar sakabanatuta. (Arg: www.theguardian.com)

Ebolaren kutsadura tasa murrizteko, nazioarteko giza laguntza handia ezinbestekoa dela adierazi zuen NBEko idazkari nagusiak, Ban Ki-moonek: “Hogei aldiz biderkatu behar dira baliabide guztiak: mediku trebatuak, ibilgailuak, laborategi mugikorrak…”.

Hala ere, nazioarteko erantzuna ez da esperotakoa izan. The Guardianek argitaratu duenez, gaur arte ebolaren aurka borrokatzera joan den talderik handiena Kubako irlatik atera da. Ez Brasilek, ez Txinak, ezta Frantzia edo Erresuma Batua bezalako potentzia kolonial ohiek ere, ez dute pausorik eman.

Mendebaldeko gobernuek, beraien segurtasuna xede, euren herrialdeetako ebola kasu isolatuei eman diete garrantzia, Afrika hegoaldeko izurritean arreta jarri ordez. The Guardianen arabera, nazioarteko laguntza lehenago iritsi izan balitz, baliteke birusaren agerraldia errotik moztuta egotea honezkero.

Kuba, laguntza humanitarioen lehen postuan

Nazioarteko laguntza taldeetan oso parte hartze handia izan ohi du beti irlak. Egun, 50.000 osasun langile kubatar daude 66 herrialdetan.

2010eko Haitiko lurrikararen ostean ere, Kubakoa izan zen laguntzen aritu zen mediku talderik handiena, eta kaltetuen %40 artatu zituzten. International Medical Corpsen arabera, hondamendi hartan 400 estatubatuarrek eman zuten izena laguntza taldeetan; ebolaren aurkako taldean, berriz, hamar baino gutxiagok.

Dagoeneko Afrikan 300 mediku kutsatu izana da giza laguntza urriaren arrazoietako bat, baina dagoeneko gutxitu da tasa hori. Indiak, AEBek eta Japoniak, besteak beste, aurrekontu handiak hitzartu dituzte Afrika hegoaldean ospitaleak eraiki, eta oheak eta medikuak helarazteko.

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) dioenez, Sierra Leonan 10.000 osasun langileren beharra dago.