argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Kualifikazio akademikoak ez du alkate bat on egiten
  • Gasteizko alkate Gorka Urtaran jeltzaleak ez ditu kirol jardueretako langileen aldarrikapenak ulertzen. Langile kualifikatugabeak greba mugagabean, noiz eta enplegua izateko pribilegioa dutenean; esker txarrekoa izan behar da gero: “Ez dut beren aldarrikapena ulertzen. Orduko 12,5 eta 15 euro artean kobratzen duten sorosleez hizketan ari gara, 20.000 eta 25.000 euro urtean 1.596 orduren trukean, eskola graduatua baino ez zaie eskatzen, sorosle formaziorako ikastaroarekin batera. Ez dakit non dagoen arazoa".

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko irailaren 04a
Gaizka Urtaran Gasteizko Campusean, EHUko ordezkariekin. Argazkia: ehu.eus.

Arazoetako bat da alkateak piztutako borroka desitxuratu nahi izan duela, langileek gogorarazi duten bezala gatazkaren muinean ez baitute soldata jarri, baizik eta murrizketak eta lan-baldintzak. Eta “ahaztu” baitu ñabartzea langile gehienek ez dutela ez jardunaldi osoko ezta urte osoko kontraturik ere. Baina heldu diezaiogun, edonola ere, alkatearen arabera soldatak eta formazioak izan behar duten harremanari.

Alkatearen adierazpenetatik ondorioztatzen da enplegu baterako eskatzen den kualifikazioak eta lan horrengatik jasotzen den soldatak nolabaiteko proportzionaltasun bat gorde behar dutela: kualifikazio gutxiago, soldata eskasagoa. Gure jendartean ia naturalizatuta dugun ikuskera klasista eta kapitalista hori eztabaidagarria da. Izan zitekeen, adibidez, dei nazazue zoro, soldatak jardueraren balore sozialaren arabera ezartzea. Horren arabera, demagun, agureak zaintzen dituen pertsonak ordainsari izugarria izango luke; munduaren kutsaduraren eta kontsumismoaren agente nagusietakoak

"Eskola graduaturik ez da behar alkate izateko –eta ez dut horrekin arazorik, ikasketak ez direlako ezeren berme–. Pentsa, ez da behar ezta programan edo hauteskundeetako adierazpen publikoetan agindutakoa betetzea –horrekin badut arazotxoa–"

diren ibilgailuak gure Mercedes loriatsuan produzitzen dituen langile batek dezente txikiagoa; edo bankari batek, kobratu ordez ordaindu egin beharko luke, asko gainera. Ahaztu gabe, enpleguaren eta soldataren existentzia bera auzitan jarri daitekeen jendarte antolamendua dela –are, auzitan jarri beharko genukeela guztion onurarako–, baina ez gaitezen maximalista jarri.

Har dezagun ontzat Urtaranen marko mentala. Eskola graduatua eta “ikastaro bat” exijitzen dituen enplegu batengatik 20.000-25.000 euro baino gehiago kobratzea ulergaitza bazaio, pentsatzekoa da are ulergaitzagoa egingo litzaiokeela laukoitza kobratzea eskola graduatua ere eskatzen ez duen enplegu baterako. Bada, Urtaranek 82.416,9 euro jaso zituen 2019an alkate izateagatik, lotsagorritu gabe. Eskola graduaturik ez da behar alkate izateko –eta ez dut horrekin arazorik, ikasketak ez direlako ezeren berme–. Pentsa, ez da behar ezta programan edo hauteskundeetako adierazpen publikoetan agindutakoa betetzea –horrekin badut arazotxoa–. Zer esanik ez, ez da behar omen zerbitzatzen dituzun herritarren arazoekiko sentsibilitatea izatea –ez gaitezen maximalista jarri–. Ez diot alkateari nire printzipioekin koherente izateko eskatuko baina, aizu, bereekin, pixka bat behintzat bai, ezta?

“Baina nik unibertsitate ikasketak ditut!”, irudikatzen dut Urtaran soziologoa arrapostu harroan, greban dauden langile kaulifikatugabeekiko eta herritar xeheekiko distantzia markatu nahian. Esango nioke, seguru nagoela greba mugagabean dauden kirol jardueretako langileen artean ere badela unibertsitate tituludunik. Baita Gasteizko etxeetan langile egoiliar bezala esklabotza baldintzetan lan egiten duten emakume etorkinen artean ere. Edo hilean larrialdi prestazioetan 600 euro jasotzen dituzten gasteiztarren artean ere, kopuru hori bizitzeko nahikoa dela irizten duen alkateak beraien ordezkari izateagatik hilean 6.000 baino gehiago jasotzen dituen bitartean. Esango nioke kualifikazioak ez duela izan behar lan baldintza duinen berme, duintasuna bermatuta egon beharko luketela edonon eta edonorentzako, are gehiago esparru publikoan. Besteak beste, tituluek edo unibertsitateak ez dutelako inor langile, alkate edo pertsona on bilakatzen, bistan denez.