Kuadrilla da euskaldunon ezaugarri bereizgarrienetariko bat. Euskaldun orok du kuadrilla bat edo, behintzat, hori da euskaldun peto-peto batengandik espero dena. Ez da gutxiagorako, izan ere, kuadrilla Euskal Herriaren unitate soziala dela esan genezake, gure gizartearen atomo edo osagai oinarrizkoena. Horren harira, Gaztea-k bere Zulora saioko atal batean lau gazte bildu zituen kuadrillen inguruan eztabaidatzeko, eta bertan esandakoak oso baliagarriak iruditzen zaizkit hausnarketarako. Bada garaia, beraz, gure gizarteko faktore komun hori ekuaziotik atera eta hutsetik aztertzeko, idealizaziorik gabe.
Kuadrillen sorkuntza eta moldaketa gertakari benetan traumatikoa izan ohi da, izan ere, ez baitago euskaldunik kuadrillen osaketa garaiko istilu edo mobidaren bat bizi edo ezagutzen ez duenik. Baina, zergatik da horren traumatikoa? Bada, azken finean kuadrillak, modu arinagoan edo bortitzagoan, banantzea esan gura duelako. Kuadrillak, funtsean, muga-ipintze ariketa bat dira, “gu” bat osatu “besteak” bereizten diren heinean. Muga-jartze horretan haustura mingarriak gertatu daitezke, adibidez, DBHko garaian sortzen diren liskar askok haustura horretan du jatorria, hots; taldetxo batek kuadrilla bat sortu duelako beste inorekin adostu gabe, kuadrilla berekoak haserretu egin direlako, pertsona bat kuadrillaz aldatu delako, bi kuadrillen arteko eztabaida sortu delako edo kurtsoko mutil guztiek osatzen zuten Whatsapp-eko taldetik mutil batzuk bota dituztelako aparteko arrazoirik gabe (horixe bera idazle xume honek bizitakoa izanik).
Kuadrillarik ez izatea edo kuadrillen eredu sozialarekin bat ez egitea euskal sozializaziotik kanpo geratzea da. Ez al dira kuadrillarik gabe geratzen direnak edo kuadrillarik ez dutenak sistemaren galtzaile eta gizajoak?
Bere sorkuntza nolakoa den azaltzearekin batera, funtsezkoa da kuadrilla instituzio sozio-politiko gisa ulertzea. Kuadrilla gizartearen zoko guztietara iristen da, hiri zein herri guztietako pertsonek baitute bat. Lagun-talde horien bidezko antolaketak ahalbidetzen du, era berean, euskal gizartea kuadrillen inguruan antolatzea; asteburuetan kuadrillarekin geratzean, gaueko afariak kuadrillaka egitean, kuadrillen egun bat eta guzti ere badugu eta! Hannah Arendt-ek XX. mendearen erdialdean hitz egin zuen totalitarismoaren inguruan eta berak kuadrillez ere zentzu totalitarioan hitz egingo lukeela uste dut nik. Eta totalitario hitza ez da gehiegikeria bat hala dirudien arren; ez baitago kuadrillen sistema saihesteko modurik. Eta zuk, euskaldun inozo horrek, kuadrillarik gabe ibili zaitezkeela uste baduzu, ondorioak jasan beharko dituzu. Kuadrillarik ez izatea edo kuadrillen eredu sozialarekin bat ez egitea euskal sozializaziotik kanpo geratzea da. Ez al dira, hain zuzen ere, kuadrillarik gabe geratzen direnak edo kuadrillarik ez dutenak sistemaren galtzaile eta gizajoak?
Antolaketa modu horrek sortzen du, besteak beste, gure kuadrillarekin osatzen dugun harremana. Beste edozein harremanetan bezala, Kuadrillak konpromisoa eskatzen du, baina ezin da kuadrillak eskatzen duen konpromisoa beste harremanek eskatzen digutenarekin berdindu; gure sistema honen zurruntasunak, konpromisoa baino, kuadrillekiko leialtasuna eskatzen baitigu. Kuadrillarena gehien zaindu beharreko harremana izan liteke, beste edozein harremanen gainetik lehenetsi beharrekoa. Kuadrilla bera izango da, gainera, exijentzia horren eragile sutsuena; zure kuadrilla berak leialtasuna zor diezula gogoraraziko baitizu huts egiten diezun bakoitzean. Eta ez pentsa Whatsapp-eko taldean non zabiltzan edo norekin ibili zaren galdezka agertzen den mezua zuganako kezkatik sortzen denik, zor diezun fideltasun itsutik baizik. Kuadrillak badu familiarekin zerikusia, edozer gauza gertatuta ere ez dago hautsi dezakeen ezer, ezta laguntasunaren edo konfiantzaren gabeziak ere. Badirudi Euskal Herrian “errazagoa dela bikote toxiko bat uztea kuadrilla bat uztea baino”, hala mintzo zen Zulora saioko partaideetako bat.
Ziur nago bat baino gehiago gustura egongo dela egokitu zaion edota aukeratu duen kuadrillarekin. Ukaezina da gizakiok talderako dugun beharra izaki sozialak garen heinean eta kuadrillena oso antolaketa modu interesgarria izan daiteke indibidualismora bortizki bultzatuak garen garai hauetan. Bere onura guztiak dituen arren eta gure antolatzeko modua izanagatik, ezin diogu kuadrillen ereduari besterik gabe men egin. Beste harreman ereduak zalantzatan jartzen hasiak garen bezala bada kuadrilla ereduen inguruko eztabaida irekitzeko garaia. Amaitzeko, mezutxo bat nire kuadrillakoentzat: gaztek, asko maite zaituztet, baina gai batzuk hitz egin beharrekoak dira. Nik uste dut kuadrillakook izango dugula zer hitz egin biltzen garen hurrengoan.
Joanes Tovar