argia.eus
INPRIMATU
Kruzeroak: itsasoan dabil garraiobide kutsatzaileena
  • NABU Natura eta Biodibertsitate Batasuna talde ekologista alemaniarrak urteak daramatza kruzeroek sortzen duten kutsadurak osasunean eta ingurumenean eragiten dituen kalteak salatzen. Partikula ultrafinen kopurua inguru natural batean baino 200 aldiz handiagoa da itsasontzi horien bizkarrean, erakundeak eginiko neurketen arabera.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 31

Kruzeroek fuel-olio pisutsua erabiltzen dute, autoek erabiltzen duten diesela baino 100 aldiz kutsatzaileagoa, 3.500 aldiz sufre gehiago baitu. Tratamendu garestia eskatzen duen hondakin arriskutsua da eta debekaturik dago erregai horren erabilera lurrean. Itsasoan, ordea, estatuen mugetatik at, erregulazioak askoz bigunagoak dira.

Partikula ultrafinak osasunerako kutsatzaile kaltegarrienetakoak dira. Partikulek duten tamaina txikiagatik ez dira ikusten eta odol-zirkulazioraino iritsi daitezke, bihotzeko gaixotasunak eta hainbat minbizi mota eraginez. NABUk Bartzelona, Hanburgo eta Veneziako kruzero-terminaletan eginiko neurketen arabera partikula horien mailak “kezkagarriak” dira. Elkarteko garraio politikako arduradun Daniel Riegerrek salatu du aurkeztu dituzten datuak izan arren, kruzeroen industriak erregai garbiagoak edo filtro sistemak erabiltzeari uko egiten diola.

Hainbat erakunde ekologistak, tartean NABU eta Ekologistak Martxan, erregulazio zorrotzagoak eta ingurumenean eragiten dituzten kalteen derrigorrezko murrizketa eskatu dituzte. Mediterraneoan sufre isurketen kontrolerako gunea sortzea eskatzen dute, gehiegizko kutsadura mailak dituzten kruzeroen sarrera mugatzeko. Ekimen hori jada martxan dago Europa iparraldean.