argia.eus
INPRIMATU
Kromoaren ondorioz hildako langilearen enpresa zigortu du Donostiako epaitegiak
  • 40 urtez Astigarragako zinkeztatze fabrika batean aritu zen langileari 2011n atzeman zioten minbizia eta urtebetera hil zen. Epaiak dio enpresan ez zutela aireztapen egokirik eta maskararik erabiltzen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko irailaren 04a
Kromo hexavalentea (Cr-VI) oso kutsakorra da eta minbizia sor dezake. Zementu fabriketako langileen artean, aldiz, ohikoa da dermatitis larriak sortzea (Irudia: istas.net).

Bizitza osoa kromoarekin eta zinkarekin lanean jardun ondoren, 75 urteko Astigarragako langile bati biriketako minbizia atzeman zioten jubilatu ondoren, 2012ko otsailean hil zen. El País egunkariak kaleratu duenez, Donostiako lan-arloko epaitegiak Zincados y Derivados enpresa jo du heriotzaren arduradun eta senideak diruz indemnizatzera zigortu du.

Kromoa industrian asko erabiltzen den elementu kimikoa da, batez ere metalen tratamendu eta babeserako, baina baita zementua egiteko ere. Oxidazio egoera handienean dagoenean –kromo hexavalentea– oso kutsakorra eta kantzerigenoa izan daiteke. Donostiako epaitegiak dio 1961etik enpresak derrigortuta daudela babeserako neurriak hartzera halako elementuekin lan egitean, eta 1978tik laneko gaixotasun kontsideratzen direla zinka eta kromoa manipulatzetik eratorritakoak. Jada 1890ean, Glasgowko Unibertsitateak kaleratutako artikulu batean kromo hexavalenteak langileen artean sortutako kartzinomak deskribatzen ziren.

Dena den, laneko beste gaixotasun batzuekin ez bezala, badirudi ezezagutza handia dagoela oraindik kromoaren inguruan. Astigarragako langile ohia gaixotu zenean, Osakidetzako medikuek ez zuten asmatu minbiziaren jatorria zein izan zitekeen eta CCOO sindikatuak eman zion Osalani kromoaren berri.

CCOOk duela bi urte ohartarazi zuen, amiantoarekin gertatu den gisan, kromoarekin ere gaixotasun hilgarriak ugaldu litezkeela hurrengo urteetan. Euskal Herrian ohikoa da nikela eta kromoa bezalako produktuen erabilera, lurzoruen tratamendurako lantegietan eta kromoztaketa nahiz galbanizatu tailerretan; halako hamarnaka enpresa daude. Sindikatuaren esanetan ez da prebentziorako inolako neurririk hartzen eta langileei ez zaie produktuaren arriskuen berri ematen.

Eta Indiako Erin Brockovich non dago?

Kromita erauzteko meatze handienak Afrikan eta Indian daude. Meatzariek eta inguruko herritarrek arazo ugari dituzte, batez ere edateko uran kromo hexavalante ugari dagoelako. Indiako Sunkindan, esaterako, kromita meatze handienetakoa dago, eta edateko uraren %60ak behar lukeen kromo hexavalantearen bikoitza du. Munduko leku kutsatuenetako bat da eta bertako heriotzen %85ak produktu horren erauzketarekin zerikusia duela uste da.

Sukindan baino askoz hobe bizi diren zonaldeetan ere nozitu dituzte kromoaren kalteak, AEBetako Kalifornian esaterako. Pacific Gas and Electric Companyk urte luzez kutsatu zuen edateko ura; 1993an Erin Brockovich abokatuak auzia azaleratu zuen eta konpainiak indemnizazio milioidunak eman behar izan zizkien kaltetutako herritarrei. Kasua pantaila handira eraman zuten 2000. urtean.