argia.eus
INPRIMATU
Kroazia: Ospatzeko ezer ez duen herrialdea
  • Kolinda Grabar-Kitavoric lehendakariak Kroaziaren irudi modernoa saldu arren munduko futbol txapelketan, atzerapausoak ematen ari da herrialdea eskubide zibil eta sexualetan.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 24a
Kroaziako Lehendakaria munduko futbol txapelketan.

Munduko futbol txapelketan txapeldunorde gelditu delako, komunikabideetan presentzia izan du Kroaziak, Kolinda Grabar-Kitavoric lehendakaria ere irudi modernoa saltzen saiatu da. Aldiz, irudi moderno horren atzean, atzerapauso izugarriak ematen ari da herrialdea eskubide zibil eta sexualetan, Pikara Magazinen Patricia Simónek jakinarazi duenez.

Futbol txapelketa kanpaina egiteko tresna izan da abortuaren aurkako kolektiboentzat. Petra Karmelic ekintzaile feminista kroaziarrak azaldu duenez, txapelketan fetu baten irudia erabili dute borrokarako sinbolo gisa.

Alderdi kontserbadorea indarrean dagoenetik, herrialdean egoera larria bizi dutela dio Karmelicek. “Elizak ere indar politiko handia du eta abortuaren aurkako neurriak indarra hartuz doaz”.

Abortuarena ez da arazo bakarra

Arrazismoa eta islamofobiak ere gogor astintzen dute Kroazia ekintzaile feministak salatu duenez. “Alderdi politikoen programetan ere ikusi daiteke”.

Amnistia Internazionalak sarritan salatu du Kroaziako Gobernua etorkinekin duen jarreragatik. Serbiatik doazen mmigranteak erbesteratu egiten ditu, asilo eskubidea dutela aitortu gabe.

Europar Batasunak ere sarritan deitu dio arreta, emakumeen aurkako indarkeriaren eta homofobiaren aurkako neurririk ez hartzeagatik.