Otsailaren 20an eta 21ean Erresuma Batuko Justizia Auzitegi Gorenak erabakiko du Julian Assangeren estradizioak bide librea duen ala ez. Teorian bederen, hori izango da azken aukera juridikoa kazetari australiarra AEBetara estraditatuko duten ala ez erabakitzeko.
Auzitegi Gorenak eta Erresuma Batuko Gobernuak 2022an erabaki zuten Julian Assange AEBetara estraditatzea, baina bere abokatuak azken helegite bat jartzeko aukera zuen eta hori da datorren astean Auzitegi Gorenak aztertuko duena.
Mundu osoko erakunde eta gobernu ugarik estradizioa ez gauzatzeko deia egin diote Erresuma Batuari horrek WikiLeaks-eko sortzailearen bizitza arriskuan jarriko lukeelako. 1917ko espioitza lege batean oinarrituta, AEBek 175 urteko espetxe eskaria dute Assangeren aurka, eta beraz, oso posible da bizitza osoko zigorra ezartzea.
2010ean WikiLeaks-ek informazio andana argitaratu zuen –700.000 fitxategitik gora– non argi geratzen zen AEBek Afganistan eta Irakeko gerretan izandako jokaera basatia eta giza eskubideen aurkakoa. Orduz geroztik AEBetako agintari guztiak tematuta daude Assangeren estradizioa lortzearekin.
Nazioarteko giza eskubideen aldeko erakunde ugarik uste dute estradizioa gauzatuz gero Assangeren bizitza arriskuan egon daitekeela. Amnistia Internazionalak dioenez, AEBek gaur egun ez dute beren milaka presoren osasuna bermatzen, eta are gutxiago bermatuko dute Assangerena.
Kristinn Hrafnsson Assangeren emaztearen esanetan, “estraditatzen badute, Julian hil egingo da”; dioenez, hau estradizio atariko azken aukera da: “Jakina, aurkakoa bada, Julian saiatuko da Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren aurrean helegitea jartzen, baina ez dakigu zer gertatuko den”.
Espetxean, osasun egoera kaskarrean
2012an Londreseko Ekuadorreko enbaxadan hartu zuen babesa Assangek eta han izan zen 2019ra arte. Orduan, Ekuadorreko Gobernuak horretarako baimena eman ondoren, Erresuma Batuko Poliziak Assange enbaxadan atxilotu eta preso sartu zuen.
Auzitegi Gorenaren azken ebazpenean ontzat jo ziren AEBetako agintarien bermeak, epaiketa justua izatekoa eta, zigortua izatekotan, espetxe bizi baldintza duinen bermea ere bai. Segurtatu zuten ez zutela inongo segurtasun handiko espetxetan sartuko, eta areago, espetxealdia Australian gauzatzeko aukera ere izan zezakeela.
Giza eskubideen aldeko erakundeentzat, ordea, promesek ez dute fidagarritasunik, eta estradiziorik ez gauzatzeko eskatzen dute. Assangeren aurkako eraso bidegabetzat jotzeaz gain, estradizioa kazetaritzaren aurkako kolpe handitzat ere jotzen da, Assangeren zigorrarekin mundu guztiko kazetariei mehatxu egiten zaielako. Australiako Ordezkarien Ganbera ere berriki agertu da estradizioaren aurka eta hango gobernuak ekimen ugari bideratu ditu AEBei estradizio eskaera erretiratzeko eskatzeko.
2019tik Assange Erresuma Batuko segurtasun handiko Belmarseko espetxean dago. 23 ordu ziegan dago eta ordu bakar batean atera daiteke patiora, eta hori ere bakarrik. NBEko Alic Jill Edwards torturaren errelatorearen esanetan, baldintza horiek torturatik oso gertu daude eta Assangeren osasun fisiko eta mentala muturrera eraman dute. Baldintza horietan, eta azkenean estradizioa gauzatzen bada, Assangek bere buruaz beste egin dezakeen beldur dira defentsa eta senideak.
Charles Glass estatubatuar-ingeles kazetari ezagunak joan den abenduaren amaieran egin zion bisita Belmarseko espetxean eta Le Monde Diplomatique hilabetekarian idatzitako artikuluan deskribatzen ditu Assangek bizi dituen baldintza gogorrak: “Espetxe guztiz punitiboa da hau. Horren arrazoia da hemen espetxeratutako 700 presoei terrorismoa, hilketa edo sexu bortizkeria leporatzen dietela”. Adineko preso baten ondoren, segurtasun handiko espetxe horretan denbora gehien daraman presoa da Assange, Glass-ek dioenez. Egoera gogorraren erakusle, harekin izandako hizketaldian suizidioaren gaia ere atera zela zehaztu du artikuluan, “suizidio kasuak aipatzen dizkit, horietako bat aurreko gauean gertatutakoa”.