Steilas, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hamalau greba egun egin dituzte aurten dagoeneko. Datozen asteetarako beste hamar lanuzte gehiagoren berri eman dute.
Astelehenean egin zuten agerraldia Eusko Legebiltzarrean Kristau Eskolako eta IZEAko ordezkariek, azken hilabeteetako lan gatazkari buruz jarduteko. Gatazkak bere horretan dirauela ageriko geratu da: bai Kristau Eskolako zein IZEAko ordezkariek sindikatuekin negoziazioetan ari direla jakinarazi dute, baina adierazi ez daudela zenbait “marra gorri” onartzeko prest. Sindikatuen eskakizunak “bidezkoak eta beharrezkoak” direla eta erantzuna eman behar zaiela onartu zuen Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak, baina ere berean eskakizunak planteatzeko moduari ez deritzo egokia, ekonomikoki onartezina dela iritzita. Kristau Eskolako ordezkariak sindikatuei “elkarrizketa haustea” leporatu diete.
Sindikatuek, beraien partetik, beste hamar lanuzte iragarri dituzte datozen asteetarako. Lanuzteok martxoaren 12tik 15era, apirilaren 1etik 5era, eta maiatzaren 8an eta 9an egingo dira.
Guraso Elkarteek, bestalde, gutxieneko zerbitzu minimoak zabaltzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Duela hamar urteko lan hitzarmena berritu nahi dute Kristau Eskolako eta IZEAko langileek, enplegua bermatzea eta “lan baldintza prekarioei” aurre egitea helburu. Nagusiki, honakoak dira eskaerak: enplegua bermatuko duen akordio bat, eroste ahalmena berreskuratzea, langile guztien lanaldia erregulatzea (irakasle ez direnak barne), eta prekarizatuen eta feminizatuen dauden Hezkuntza-laguntzako espezialista zein Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko langileen lan baldintzak hobetzea.