argia.eus
INPRIMATU
Kristau Eskolako eta IZEAko langileak, greba egun gehiagoren ataritan
  • Kristau Eskolako ordezkariekin negoziazio bilera egin zuten sindikatuek astelehenean. Atzokoaz gaindi patronalak beste proposamenik egin ezean, greba egun gehiagori ekingo diete astelehenean.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 26a

Kristau Eskolako ordezkariek bileran mahaigaineratutakoak “dezepzionatu” egin zituen LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak. Astean zehar beste proposamenik egin ezean, apirilaren 1ean Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan lau eguneko grebari ekingo diote.

Negoziazio mahaian patronalak egindako proposamenari ezezkoa emateko erabakian bat etorri dira bost sindikatuak. Azkenaldian urratsak egin dituela onartu arren, oraindino “eskasak” direla eta langileen eskariekin bat egiten ez dutela deritzote. Bere aldetik, patronalak proposamena hobetzeko aukerarik ez duela adierazi du, eta sindikatuei eskatu die astelehenean mahaigaineratutakoaren hutsuneak idatziz helarazteko. Sindikatuek idatzi bateratu bat egin eta osteguna aurretik helaraziko diote patronalari, baina datorren asteko grebari begira akordiorik lortzeko balioko duen, ez da ziurra.

Berriak jasotako LAB sindikatuko Aitor Nuñezen hitzetan, bileran “edukiak egon dira, eta egon daitezke, baina badira birformulazio bat behar duten puntu batzuk. Datozen asteetan berri hobeak jasotzea espero dugu”. Ezkorrago agertu da Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusia, zeinari ez zaion iruditzen onargarria atzo egin zuten eskaintzari hobekuntzak gehitzea.

Kristau Eskolak soldaten inguruan egindako proposamenak asaldatu ditu gehienbat sindikatuak. Izan ere, azken urteetako zorra deuseztatu asmoz, behin bakarrik eta langile guztiek jasoko ez luketeen ordainsari bat proposatu baitie. Sindikatuen arabera, ordainsariak soldataren parte eta guztientzat izan beharko luke.

Aurrera begirako ikasturteetan matrikulazio kopuruak behera egiteak kezkatzen ditu langileak, Kristau Eskolak enplegatuak postu batean soberan egon ezkero beste batean kokatzeko konpromisoa hartua duen arren, negoziazio mahaian aurkeztutako proposamenean hori nola egingo luketeen ez zelako azaltzen.