argia.eus
INPRIMATU
Kristau Eskolako eta AICE-IZEAko 5.000 irakaslek egin dute greba, ELAren arabera
  • Urriaren 17tik 19ra lanuztera deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. "Jarraipen oso zabala" izan du lehen egunak, %70ekoa, ELAko ordezkari Miren Zubizarretak baieztatu duenez. Sindikatuek hitzarmen berri baterako negoziatzea eskatzen diete patronalei, eta emaitzarik ezean, abenduan beste bost greba egun egingo dituzte.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 17a
Kristau Eskolako eta AICE-IZEAko irakasleek hiru greba egun dituzte aste honetan. / Argazkia: ELA sindikatua.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 200 ikastetxetako 130.000 ikasleri eragin die grebak. Kristau Eskolako eta AICE-IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoko 9.000 irakasle deitu ditu grebara gehiengo sindikalak, eta "%70 langile ingururen jarraipen oso zabala" izan du lehen egunak, ELAko ordezkari Miren Zubizarretak ziurtatu duenez. Gizarte ekimeneko itunpeko eskoletako patronalei (Ikastolen Elkarteari izan ezik) hitzarmen berri bat negoziatzeko eskatu diete ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

Mobilizazioak antolatu dituzte greba egunetan, urriaren 17tik 19ra bitarte, guztiak 11:00etan hasita: asteartean Bilbon egin dute, eta Zubizarretak jakinarazi du 5.000 irakasle inguru batu direla protestara. Asteazkenean Gasteizen egingo dute manifestazioa, Egibidetik (Bilbo plaza) abiatuta, eta ostegunean Donostian, Aldapeta Maria ikastetxetik.

Apirilaren 25ean egindako greba egunak baino jarraipen zabalagoa izan du oraingoak, Zubizarretaren esanetan: "Horrek erakusten du langileriaren kezka eta arazoak errealak direla". Hitzarmen berria "lehenbailehen" egiteko eskatu die patronalei, eta Eusko Jaurlaritzari ere lan gatazka honen irtenbidean "aktiboki parte har dezala" galdegin dio, "bera baita hezkuntzako sare honetako langileen azken arduraduna ere".

Sindikatuek patronalen “immobilismoa” salatu dute, eta lanuzte hauen ostean negoziazioak berrekin ezean, beste bost greba egun deitu dituzte, abenduaren 11tik 15era. 2022ko maiatzean hasi zituzten negoziazioak, baina 2023ko otsailaren 2an egin zuten azken bilera, eta ordutik ez dute aurrerapenik egin. Pasa den apirilaren 25ean ere greba eguna izan zuten itunpeko ikastetxe hauek.

KPIaren araberako soldata igoera

Gehiengo sindikalak lan hitzarmen berri bat eskatu du, prekaritateari aurre egiteko eta hezkuntzaren kalitatea bermatzeko. Besteak beste, neurri hauek eskatzen dituzte: lan karga arintzea eta ikasle bakoitzari arreta zuzena eta egokia emateko denbora gehiago ematea, lanpostuak finkatu eta mantentzea, Lanbide Heziketako zentroetan baldintzak hobetzea, eta euskara eta berdintasun planak zentro guztietan ezartzea.

Sindikatuek nahi duten hitzarmenean KPIaren igoeraren araberako soldaten igoera eskatzen dute: “Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk soldata izozturik mantendu dute 2020tik, eta KPI %15,8 igo da eta bizitza izugarri garestitu. Patronalek entzungor egin dute, negoziazioa da irtenbidea!”, aldarrikatu dute. Gogorarazi behar da azken hitzarmena ere lan gatazka luzearen ondoren sinatu zutela patronalekin; hiru ikasturteetan 29 greba egun izan zituzten.