128 ikastetxe eta 90.000 familia hartzen ditu Kristau Eskolak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 4. DBHko, 2. Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat irekiko dituzte ateak ikasturte amaiera honetan, “gradualki” eta “mugatuta”. Online hezkuntzan zailtasunak izan dituzten ikasleak, errefortzua behar dutenak, azterketa bereziak egin behar dituztenak… ere itzuliko dira eskolara.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren protokoloa eta higiene neurriak dituztela argitu du Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak, eta gaineratu du aurretik ikastetxeak garbitu eta desinfektatu egingo dituztela, baita egoera berrirako egokitu ere.
Protokolo horren barruan, ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza plana egingo du, zein metodologia erabiliko duen eta zein egun eta txandatan antolatuko diren ikasturte amaierara arte. Familiei komunikatuko die plana ikastetxe bakoitzak.
Hezkuntza presentzialaren garrantzia
“Hezkuntza presentziala ezinbestekoa da, batez ere ikasle zaurgarrienentzat, behar gehien dituztenentzat”, azpimarratu nahi izan du Ormazabalek. “Ikasle hauek eskolara bueltatzeko beharra dute, ikasturtea amaitu aurretik”.