“Orientamos todos nuestros esfuerzos para formar una Comunidad Educativo-Pastoral, que sea a la vez sujeto y ambiente de educación y evangelización”.
“Este Plan de Pastoral para el Colegio nace con la única orientación final: la formación de honrados ciudadanos y buenos cristianos”.
“El Oratorio ofrece el ambiente y la metodología apropiada para hacer una experiencia de Dios y una iniciación a la oración”.
“Egun on-oración diaria: en esta sección os ofrecemos la posibilidad de consultar la oración diaria que hacemos con los alumnos de la ESO y bachillerato”.
“Jainkoa ikusten gauza guztietan. Barruko askatasunetik hezi nahi dugu”. “Gainera, gure eskolako prozesu ebanjelizatzaileak ikasleei lagundu nahi die Jesusenganako fededunen komunitatean sartzen, Elizako kide izateko zentzua, Jainkoaren herria bidean, harekin eta hartan aurkitu”.
“Es el movimiento juvenil cristiano propio de nuestros colegios, que busca hacer personas al estilo de Jesús”.
“Pastoralak osatzen du Ikastetxearen bihotza. Eta horixe da gure zereginaren arrazoia. Izan ere, gure jarduera guztien helburua baita ikasle bakoitzak, Jainkoak bere izate sakonean erabat maite duela sentituz…”
“Gizakiaren kristau garapenari buruz: Kristo pertsona bezala ezagutu eta Berengana hurbildu, elkartasunezko zentzua piztuarazi, konpromezuari hasiera eman, elizako elkartearen kide izatea sustatu”.
Esaldi hauek ausaz aukeratutako EAEko itunpeko eskola katolikoen webguneetan irakurri ditzakegu (batzuk erderaz daude, web orria hizkuntza honetan soilik zabaltzen dutelako!). Gaur egun, mota horretako ikastetxeek euskal hezkuntza-sistemaren %35a osatzen dute (harritzeko kopurua hezkuntza sistema batean!); diktadura frankistaren babesarekin elizak garatu zuen hezkuntza sarea gure egunetara heldu da, demokraziaren botere publikoek esku-hartu gabe. Izan ere, ikastetxe horiek guztiak diru publikoz finantzatuak dira, baina kudeaketa pribatukoak, eliza katolikoaren kudeaketa, hain zuzen.
PSE-EEk, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk EAJrekin hezkuntza-akordio bat sinatu zuten martxoan, eta, aurrera jarraitzen badu akordio horrek, alegia, alderdiek babesten jarraitzen badute, mota horretako eskolak eta mezuak datozen 30 urteetan (akordio hau Hezkuntza Lege berriaren oinarria izanik) bere horretan mantenduko dira.
EAJrekin itun hau sinatu duten alderdietako batzuek nola esan dezaketen ezkertiarrak direla galdetzen diogu geure buruari. Zeren truke onartu dute? Hezkuntza salerosten, zer trukatzen ari dira? Akordioa sinatzearekin batera, hezkuntza laikoaren aldeko talde politikoek diru publikoarekin finantzatutako eskola katoliko pribatu eta doktrinatzaileak barne hartzen dituen itun bat onartu dute. Mezu katekista horiek ez dira inolaz ere uztartzen gure garaiak eskatzen duen aniztasunarekin.
Hau gutxi balitz, kristau sareko ikastetxeetan aurkitzen dira euskararen ezagutza bermatzen ez duten hezkuntza ereduen proportziorik handiena, A eta B ereduak hain zuzen.
Lege berria abian jarri ostean ez da ezer aldatuko; aipatutako ikastetxeei mesede egiten jarraituko zaie, hezkuntza publiko laikoaren kaltetan. Hori frogatzen duten neurri batzuk ikasturte honetan jada martxan jarri dira: nahiz eta jaiotza-tasak behera egin, aurten blindatu egin dira 2022-2028 aldirako itun ekonomikoak itunpeko eskolen mesedetan (“ikasle gutxiago, itunpeko plaza gutxiago” logikoena izango litzateke, ezta?); planifikazio dekretu berri baten bidez itunpeko ikastetxeetan gelak ireki ahal izateko ratioak jaitsi egin dira, eta orain, abuztu hasieran, irakasleeen moduluak % 6 inguru gehitu dira, % 8,5 Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko moduluak eta %25 igo da mantenimenduko finantzaketa.
Datorren Lege berri honen bidez, baztertzen, ebanjelizatzen eta segregatzen duen sistema bat egonkortzea eta blindatzea lortuko da.
Oraindik ere sinestuta gaude gure hezkuntza-sistema hobetu daitekeela, baina zaila egiten zaigu sinestea politikariek hala nahi dutela.
Elena Cárdenas Fernández de Pinedo eta Kattalin Legarda de la Fuente
Gasteizko euskal eskola publikoaren aldeko plataformaren izenean