argia.eus
INPRIMATU
Kristau Eskola eta IZEAko langileen %65 greban, sindikatuen arabera
  • “Zerbitzu minimoak handitzeko erabakiarekin Jaurlaritzak greba desitxuratu asmoa izan duen arren”, lehenengo greba eguna arrakastatsua izan dela adierazi dute sindikatuek. Duela hamar urtetik duten lan hitzarmena berritzeko borrokan ari dira EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileak, baina patronalarekin akordioa lortzetik oso urrun jarraitzen dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko urtarrilaren 16a

Zortzi greba egunetan lehenengoa da gaurkoa (pasa den urrian eta azaroan beste sei greba egun egin zituzten), ELA, LAB, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek deituta. 9.000 langile, 120.000 ikasle eta 215 ikastetxeri eragiten die, eta sindikatuen hitzetan, 5.000 lagun inguru bildu ditu Bilbon egin den manifestazioak.

Grebara deituta dauden langile gehien-gehienak hartzen dituen Kristau Eskola patronalaren arabera aldiz, %28koa izan da grebaren jarraipena.

Negoziaketak

Joan den astean patronalekin izandako negoziazioak hutsaren hurrengotzat hartu dituzte sindikatuek. “Proposamenak onartezinak dira, horri negoziazioa deitzen diote?”, adierazi du Miren Zubizarreta ELAko Irakaskuntza arduradunak. Patronalek berriz, behin baino gehiagotan administrazioaren gain utzi dute ardura, eta sindikatuen eskaerei erantzuteko finantzazio publiko handiagoa beharko luketela nabarmendu dute. Ildo horretan, Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak iragarri du ikastetxe hauekin duten ituna hobetuko dutela.

Eskaerak

Langileen eskakizunen artean daude enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko akordio bat, eroste-ahalmena berreskuratzea ahalbidetuko duten soldatak, lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, edota bereziki prekarizatuen eta feminizatuen daudenen lan-baldintzak hobetzeko proposamenak.