argia.eus
INPRIMATU
Kristalezko horma
  • Erregimen industrialak gizon arruntak su gaizto-bola batean eraman, eta nor bere kristal-bolan atxiki nahi izan zituen emakumeak. Kristalezko bolak hautsi direnean, emakume askok, ordu onean, lehengo rolak ukatu dituzte; ordu txarrean, eurak ere su gaizto-bolara bildu dira. Gizon eta emakume askok, inora igotzea galarazten dieten kristalezko tetxoei begira, haiek apurtu nahian segitzen dute. Mugimendu berean, maskulinoa, baliosoa, eta femeninoa, baliorik ez duena, bereizten zituen kristalezko horma, berdefinituta, indartu dute; horma horrek orain maskulinoa, txarra, eta femeninoa, ona, bereiziko lituzke.

Pablo Sastre Forest 2020ko martxoaren 22a

Ez naute esaten dudanagatik aditzen; ez naute egiten dudanagatik juzkatzen; nire gizon-izateari begira daude.

Zuzen eta pulitua bezain nekosoa, antzua eta ezin-halakoa da komunikazioa, kristalezko horma dela medio.

Zaila da, kondizio horietan, emakumeek eta gizonek elkarrekin ezer, politika behintzat elkarrekin egitea.

Badute gizon eta emakume arruntek, kristalezko hormaz bestaldekoarengandik baino, beste zerengandik defendatu.

Gizon askok onartzen dute kristal arteko bizitza. Batzuk, hor konpon mundua, lan-makinetan edo denborapasako makinetan, beren boletan ixten dira. Beste batzuek emakume puntakoekin bat egin dute; txintxo, adeitsu, beti-bai bihurtu dira emakume horiekiko.

Gizon batzuek kristalak hautsi eta emakumeak ere hausten dituzte. Suzko bolan gaiztotutako gizonak. Ez dira gutxiestekoak gaiztakeriaren indarrak.

Eurenetik ez eman, edo euren txarrenetik eman. Biak batera datoz: gizon horiek guztiek, euren onenetik gutxi... bizitza gutxi ematen dute.

"Azkenaldi honetan, emakumeekiko beldurti edo indiferente izatera heldu dira gizon asko. Gizonezkoekin bat egin nahi eta bat egin ezin handia sumatzen dut, berriz, emakume askorengan. Ordena berrian, iritziek leku handia daukate; leku txikia, berriz, maitasunak"

Emakume eta gizon arruntak desposeitu, pasiogabetu, makaldu egiten ditu kristalezko hormak.

Joan deneko aldian, gizon arruntak dabiltza bereziki makalduak. Denbora asko daramate zertarako ez dakiteneko borrokan. Alabaina eurak izan ziren, industriaren aldiko biktima lehenak: etxe-aldetik erauziak, bizitzari uko eginaraziak eta uko egin ziotenak... asko, dagoeneko, adar ihartuxeak, bizitzaren arbolean.

Beren trebeziengatik eta beren adoreagatik miretsitako gizon arruntek, beren trebeziek eta beren adoreak lekurik ez dutela... masiboki desertatu dute.

Mendez mende esplotatuak, zigortuak, dominatuak... beren burua dominatzailetzat, erasotzailetzat ikusi behar orain. Orobat, aberats edo txiro, gizon direlako.

Hargatik gizon arruntak ez dira inozente, ez dira biktima huts; sarritan emakumeak mespretxatu eta bortxatu dituzte. Noski emakumeak ere ez dira biktima huts; inozentzia, eta errua, alde guztietara daude.

Azkenaldi honetan, emakumeekiko beldurti edo indiferente izatera heldu dira gizon asko. Gizonezkoekin bat egin nahi eta bat egin ezin handia sumatzen dut, berriz, emakume askorengan. Ordena berrian, iritziek leku handia daukate; leku txikia, berriz, maitasunak.

Emakume arruntak, sarri, zuloak tapatzen ibili dira; mendez mende, gizonak zaindu dituzte... Gizon-min asko beretu dute... min gehiegi beretu dute. Aspaldi ezkero, berriz, gizonezkoei esaten zaie emakumeen mina asumitu egin beharko luketela.

Besteren mina beretze hutsez, ez batzuk ez besteak indartuko dira. Aurrena norbera, nor bere terrenoan indartu behar da... ez, horregatik, politika-zirkulu berezietan; elkarrekin baino ez baikara garen istilutik irtengo.

Gizon argiak, gaiztakeria eta desertzioa saihestuz, bere espazioa defendatu behar du. Bere espaziotik, beretarrak defendatu. Beretarrak... Ez dut imajinatzen, gizon argiak edo gizon arruntak bizitzan zein helburu izan lezaketen emakumeengandik, familiatik, komunitatetik aparte.

Gizon argiak eskuzabala izan behar du. Bere maiteak zaindu behar ditu; haurrak eta zaharrak, batez ere, zaindu. Emakume argiek luzatzen dioten eskua onartu behar du.

Emakume eta gizon arrunt eta argiak ez leudeke kristalezko tetxoei begira... ez luketelako inora igo nahi.

Kristalezko horma deseraiki... esplotaziotik eta dogmetatik babestuko lituzketen hormak, berriz, ez kristalezkoak eraiki behar lituzkete.