argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Krisien orbana zabaltzen ari da Bengalako golkoan
  • Myanmarreko gerra zibilak, gure hedabideen fokutik guztiz kanpo bada ere, atsedenik gabe jarraitzen duen bitartean, beste krisi politiko larri bat sutu da Bengalako golkoan. Sortzez, Bangladeshko gazteriaren kale-agerraldiek ez dute zerikusirik 2021eko estatu-kolpe militarrak Myanmarren sutu baino gehiago gartu egin zuen gerra orokorrarekin. Baina hurbiltasun espazialak eta, bide batez, testuinguru geopolitiko erkideak, bakoitza bereiz ez ezik elkartuta ere zaindu behar direla iradokitzen du.

Mikel Aramendi 2024ko uztailaren 23a
Bangladeshen uztailaren 11n ikasleek egindako kuotaren protesta bat. / Argazkia: Rayhan9d, Wikimedia Commons.

Ez da ahaztu behar Asiako –eta bide batez, egungo munduko– potentzia handienetakoak diren biren artean daudela Myanmar eta Bangladesh. Baina irakurketa “europarregia” egin gabe: krisi-guneen auzokideak badira ere, inork ez du esaten –eta ezingo du esan, nik uste– India nahiz Txina gatazka horiek xaxatzen, hauspotzen edo erabiltzen ari direnik. Kontrara, esan liteke suhiltzaile lanetan ari direla. Deus ez dutelako irabazten borroka horiekin eta, aldiz, zuzenean nahiz zeharka, kalte larri samarrak nozitzeko arriskua dutelako beraiek ere.

Krisiok oso endogenoak dira, barne-arazo politiko sakonetatik abiatzen direlako. Eta auzokoek ere hobe dute haiek konpontzen lagundu, nork bere opilari ikatza hurbiltzen ahalegindu baino. Edonola ere, lehergarritasun desberdina dute gatazkek, zalantzarik gabe.

Bangladeshkoak, independentzia-gerran parte hartu zuten (eta hein batean, genozidioaren nozitzaile zuzenak izan ziren); mutki bahini-en ondorengoek herrialde independentean izan dituzten pribilegioen kontrako mugimendua da. Baina, ikuspegi sakonagoarekin behatuta, bide horretatik sortzen arituko litzatekeen goi-kasta bat eratzearen aurkako erresistentzia-mugimendua ere badela esan liteke. Eta hausnarketa berezitua merezi du horrek. Modi Indiako lehen ministroak, bestalde, ezingo du ahaztu Mendebaldeko Bengalak, bere alderdi BJPrentzat inoiz biziro abegikorra ez den estatu hiperpopulatuak, hizkuntza ez ezik, laurdena baino gehiagoan, erlijioa ere partekatzen duela Bangladeshekin. Bertako Auzitegi Gorenaren epaiaren ondotik, kale-istiluak eta haien errepresio bortitza amatatu egin beharko liratekeela dirudi. Baina ikusi egin behar, arazoaren erpina baino ez baita kuotena.

Myanmarreko gerra oso bestelako kontua da oraintxe bertan. Gerra zibil orokorra da eta, “bi alde” daudela esan badaiteke ere, alde batera zein bestera lerrokatutako dozena bat jardule militar dituen gudua da, bakoitzak lurralde eta herrigune handiagoak edo txikiagoak kontrolpean dituela. Dudarik gabe, armada ofiziala, Tatmadaw-a, militarki askoz indartsuagoa da arerio dituen matxinoetako edozein baino; baina mapak erakusten duenez, haren egoera ez da batere baikorra une honetan, etsaiek inguratuta setiopean aurkitzen baita leku askotan.

Gatazkak jite berezia du dagoeneko hein handi batean errebeldeen eskuetan dagoen Txinarekiko mugan. Eta hortik letozke han bederen su-etenak lortzeko Pekin egiten arituko litzatekeen presioa...

Baina, kanpotik sustatuta ere, oso urruti dago edozein bake.