argia.eus
INPRIMATU
Krisiari aurre egiteko zerga erreforma ezinbestekoa dela aldarrikatu dute kalean milaka herritarrek
  • Ostiral honetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta mobilizazio jendetsuak egin dira Hegoaldeko hiriburuetan eta beste hainbat herritan "Publikoa, funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenengo bizitza" goiburupean.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 19a
Iruñean egindako mobilizazioaren une bat. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Urtarrilean deitutako greba orokorraren ondoren, Eskubide Sozialen Kartak bideratzen duen lehen mobilizazio handia da gaurkoa eta Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostian milaka pertsona atera dira kalera koronabirusak ekarri duen kirisiaren ondoren zerga erreforma eskatuz, "krisia kapitalak ordain dezan". Honakoak izan dira egin diren gainerako eskaerak: zerbitzu publikoak garatu eta azpikontratak publifikatzea; zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa; Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu eta etxebizitza eskubidea; 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak; 1.200 eurotako gutxieneko soldata eta gehienez 35 ordutako lan-astea; eta pertsona guztien erregularizazioa.

Euskalerria Irratiak jakinarazi duenez, Iruñean manifestazioa egin dute ostiral goizean, Osasun Departamentutik abiatuta, parlamenturaino: Manifestazioa abiatu aurretik, Karta Sozialeko kide diren ELA eta LAB sindikatuko Nafarroako koordinatzaileak mintzatu dira komunikabideen aurrean. ELAren kasuan, Imanol Pascualek azpinarratu du egungo krisiari irtenbide sozial bat eman behar zaiola, eta horretarako "ezinbestekoa" dela fiskalitatean aldaketa sakon bat egitea. Hori lortzeko bidea, mobilizazioa dela gaineratu du.

Bide beretik, LABeko Imanol Karrerak esan du urtarrilaren 30eko greban kalera ateratako aldarrikapenarekin irten direla oraingoan ere Maria Chivite presidenteari zuzendu zaio; exijitzeko gehiengo sozialaren alde egin dezala, bestela, “mobilizazio fase baterako” prest baitaude.

Bilbon ere bai

Bilbon mobilizazioa udaletxean hasi da eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan amaitu. LAB eta ELAko idazkari nagusiak, hurrenez hurren, Garbiñe Aranburu eta Mitxel Lakuntza pankarta eramaten joan dira eta amaieran, beste kolektibo bazuetako kideekin batera, hitzaldia egin dute, egungo krisiari aurre egiteko Jaurlaritzak hartutako neurriak kritikatuz. Besteak beste, Aranburuk leporatu dio Urkullu lehendakariari langileei eskatzea ahalegina krisitik ateratzeko, baina ez egitea gauza bera enpresariekin. Lakuntzak zergetara jo du besteak beste, gogoraraziz Jaurlaritzak iragarri duela 3.000 milioiko zorra sortuko dela, baina hala ere ez dela zergarik igoko. Argi dagoela, esan du: "Edo aldaketa fiskala egiten da ala murrizketak etorriko dira".

Zaintza zerbitzuak, bizitza erdigunean egon beharra, nekazariak, krisian langile mota batek izandako funtsezko zeregina eta zahar etxeak ere mintzagai izan dira mobilizazioetan. Ahotsa.inforen ondoko bideoan ikus daiteke Iruñeko mobilizazioa.