argia.eus
INPRIMATU
Krisiari aurre egiteko beharra aldarrikatu du EH Bilduk, Bilboko manifestazio jendetsuan
  • Koalizioak deituta, 20.000 lagun elkartu dira Bilboko manifestazioan, antolatzaileen eta Gara egunkariaren kontaketaren arabera. Bilboko Udaltzaingoaren esanetan, aldiz, 12.000 izan dira. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak azpimarratu du krisiak erantzuleak dituela: “Elite politiko eta ekonomikoak”.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 14a
EH Bilduren arabera 20.000 lagun elkartu ziren Bilbon; Udaltzaingoaren arabera, 12.000. / Argazkia: EH Bildu.

Abante! Euskal olatua geldiezina lelopean bete dute Bilboko Autonomia kalea, larunbatean, La Casillatik abiatutako manifestazio jendetsuan. Milaka lagun batu dira EH Bilduk bultzatutako “olatura”. 20.000 pertsona izan dira antolatzaileen eta Gararen esanetan, 12.000, ordea, Bilboko Udaltzaingoaren kontaketan. Independentzia aldarrikatu dute manifestariek, eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak bukaerako hitzartzean azpimarratu du egungo krisiak baduela “alternatiba”.

“Errotik aldatu” behar dela ohartarazi du Otegik jendetzaren aurrean, eta lehen pausoa “bataila kultural ideologikoa irabaztea” dela esan du. Halaber, ohartarazi du arduradunak dituztela Ukrainako gerraren eta politika ekonomikoen ondorioek: “Elite ekonomiko eta politikoak”.

“Atzeraldia datorrela iragartzen duten honetan, batzuek esaten dute 'ekaitza datorrela'. Ez da fenomeno meteorologikoa. Argi eta garbi seinalatu behar dira arduradunak: kapitalismo basatia, neoliberalismoa eta erabaki politikoak hartzen dituzten horiek”, kritikatu du, EAJren adierazpenen harira. “Alternatiba” ere proposatu du: gerra gelditzea, kontsumo ereduak aldatzea, eta aberastasuna, lana eta zaintza banatzea.

Elkartasun mezua presoei eta estatuaren biktimei

Otegik elkartasun mezua helarazi die euskal preso, iheslari eta deportatuen senideei, EH Bilduren izenean: “Zerbaitetaz harro bagaude, azken urte hauetan egindako ibilbideaz da, zuek zeneramaten zama, herri osoaren zama dena, arintzea lortu dugulako dispertsioa bukatzean. Jarraituko dugu bidea zuekin egiten euskal preso eta erbesteratu guztiak etxera libre ekarri arte”.

Elkartasuna adierazi die estatu terrorismoak eraildakoen familiakide eta lagun guztiei. José Barrionuevo Espainiako Barne ministroaren aitortzen harira hartzen dituzten neurriak babestuko dituztela jakinarazi du ezker independentistako koordinatzaile nagusiak.