Marcelo Rebelo de Sousa presidenteak bankuari esan dio “ekarpen oso garrantzitsua” egin behar diola herrialdeari, krisi garaian jasotako babesagatik. Babes hori portugaldar bakoitzak emandako laguntzagatik eskuratu zuela, eta orain bankuak hori bueltatzeko aukera duela gehitu du.
Denboraren garrantzia azpimarratu nahi izan du, koronabirusaren eta honen ondorio ekonomiko eta sozialen aurkako “erlojuaren aurkako lasterketa” irabazi ahal izateko. “Borroka hori bankuarena ere bada”, esan du.
Hori horrela, apirilaren 6an Portugalen dauden bost banketxe handien presidenteekin batzartuko da (Caixa Geral de Depósitos, BCP, Santander, Novo Banco eta Banco BPI), beren ikuspuntua ulertu eta zenbaterainoko laguntza eskaintzeko prest dauden ikusteko. Dena den, koronabirusak eragin die jada bankuei, izan ere, Portugalgo Gobernuak sei hilabeteko epea eman die kredituak ordaintzeko zailtasunak dituzten familia eta enpresei.