argia.eus
INPRIMATU
Krisiak oraindik ez du hondoa jo
  • Agintari estatalak eta autonomikoak pozarren daude langabezia-tasa beherantz doalako, ekaineko datuen arabera. Zehazki, Hego Euskal Herrian %12,64 da tasa hori eta denera 167.207 langabetu zeuden hilabete horretan. Aurreko urtean baino 17.000 gutxiago. Baina esaten ez dutena da enpleguak behin-behinekoa eta prekarioa izaten segitzen duela. Ekainean sinaturiko 129.008 kontratuetatik ia denak, %93,5, behin-behinekoak izan dira; eta horietatik erdiek 30 egun baino gutxiagoko iraupena zuten.

Juan Mari Arregi 2017ko uztailaren 11

Badaude beste gertaera larri eta kezkagarri batzuk sumatzeko krisia hor dela oraindik. Joan den astean Hego Euskal Herrian industria instalazio garrantzitsuak dituzten hainbat markak plan lazgarriak iragarri zituzten euren kostuak, eta beraz lantaldeak, murrizteko. Etxetresna elektrikoak egiten dituen CNA taldeak, garai bateko Fagor erosi ondoren, 350 langile ditu Euskal Herrian eta aurre-konkurtsoa aurkeztu du, 100 milioi euroko zorrari aurre ezin eginik ordainketak eteteko. Hartzekodunek murrizketa horiek exijitzen dituzte eta bistan denez langile kopuruari eragingo dio egoerak. General Electric-ek Ortuellako bere filiala itxiko du, 147 lagun kalean utzi eta produkzioa India eta Txinara eramateko. Xey altzari enpresak ere 170 enplegu jarri ditu kinkan, Zumaiako lantegiaren itxiera iragarri baitu. Tubacex eta Tubos Reunidos, bestetik, birmoldaketa eta langile murrizketa betean aurkitzen dira… Zeinek dio krisiaren okerrena pasa dela?

Egungo sistema kapitalistak eskaintzen diguna enplegu prekarioa eta behin-behinekoa da. Gazteek, testuinguru horretan, ez dute etorkizunik eta baldintzarik euren bizi-proiektuetan pentsatu ere egiteko. Migratzera behartuta daude. Handia da euskal botere publikoek duten ardura.