argia.eus
INPRIMATU
Krisia Iruñeko Udal Gobernuan
  • Izquierda-Ezkerra eta Aranzadi udal gobernutik kanpo geratu direla iragarri du Iruñeko alkate Joseba Asironek, eta gobernu berritua jakinarazi du. Arrazoia, inbertsio ekonomiko jasangarrien bozketan bi alderdikideak abstenitu izana, Garako kazetari Aritz Intxustak kontatu duenez.

ARGIA @argia 2018ko uztailaren 04a
Iruñeko alkatea, aldaketen berri ematen (argazkia: Aritz Intxusta)

Izquierda-Ezkerrak eta Aranzadik zuzenketak aurkeztu zitzaketela esan du Asironek, baina horren ordez nahiago izan zutela proiektu guztia atzera bota, ez zutelako euren zuzenketetarako nahikoa babes lortu. “Onuradun bakarrak eskuin politiko eta mediatikoa dira”. Udal gobernuarekiko leialtasuna hautsi dutela ulertuta, “ezin zaio Gobernuari oposizioa egin, Gobernu barrutik”, adierazi du.

Inbertsio ekonomikoa auzoetara eta eskola publikoetara bideratu nahi zela gogoratu du alkateak, baita milioi bat euro ere larrialdi sozialetarako etxebizitza publikoetara. “Hiri honek 6 milioi euro inbertitzeko aukera galdu du”.

Izendapen berriak

Izendapen berriak ere jakinarazi ditu Asironek: Berdintasun saila Alkatetzaren menpe geratuko da, Parte-hartzean Mikel Armendariz arituko da, Esther Cremaes Gizarte Ekintzan, Maider Beloki Berdintasun eta LGTBI sailean, eta Ekologia eta Mugikortasunean Joxe Martin Abaurrea.