2008tik 2014era 1.500 milioi euro bildu dituzte Espainiako Estatuko banku etikoek. 2012an Rajoyren gobernuak EBri ia 220.000 euroko erreskatea eskatu zionetik gaur arte, 75.000 bezero inguru lortu dituzte eta dagoeneko 187.383 pertsonak dituzte aurrezkiak banku horietan.
Emandako maileguen kantitatea ere nabarmen handitu da. 2014. urtean 821 milioi euro mailegatu ziren, 2013an baino %6 gehiago. Emandako kredituen kopurua, aldiz, %30 handitu da.
Financiación Ética y Solidaria elkarteko zuzendariorde David Díaz de Quijanok Eldiario.es-i adierazi dionez, “datuek diote diru kantitate gutxiagoko proiektu gehiago finantzatzen direla”.
Entitateek eskariari erantzun nahi diote eta Espainiako Triodos Bank eta Euskal Herriko Fiare, esaterako, orain arteko bankuen moduan aritzeko ia prest daude.
Berankorren maila, alegia, bankuarekin duten zorra ordaintzeko epea gainditu duten bezeroen kopurua, baxuagoa da banku etikoetan sektoreko gainerakoekin alderatuz. Azken datuen arabera, ohiko bankuen berankor maila %12,51n dago eta banku etikoena lau puntu beherago, %8,17an.