Mauricio Macri Argentinako presidenteak Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) atea jo behar izan du, pesoaren debaluazioa geroz eta jasanezinagoa bihurtzen ari dela eta. Macrik NDFko presidente Christine Lagardekin izandako elkarrizketa publiko egin da, eta bertan Argentinako presidenteak laguntza eskatzen dio Lagarderi, interes tasen ondorioz “egunez egun konplexuagoa” den nazioarteko errealitateari aurre egiteko.
Asteartean, peso argentinarra %5 debaluatu zen dolarrarekiko. “Nazioarteko finantzazioaren behar gehien daukaten herrialdeetako bat gara, oinordetzan jaso dugun gastu publiko itzelaren ondorioz”, adierazi du Macrik.
Argentinako presidenteak NDFri eskatuko dion kopuru zehatza ziurra ez bada ere, 30.000 milioi dolar ingurukoa izango da zenbait iturriren arabera. Horrek herrialdean eragin ditzakeen ondorioak ezagunak dira: murrizketak ugaritzea, lan baldintzak okertzea eta pentsioen behin-behinean pribatizatzea, besteak beste. Bestalde, mailegua emango dion herrialdearen norabide ekonomikoaren behatzaile izateko eskubidea dauka NDFk.
Argentinak 1957an jaso zuen lehenengoz NDFren dirua, Juan Perón presidentetzatik kendu zuten militarrek 75 milioi dolar eskatu zituztenean. Hurrengo mailegua 2003an eskatu zen, 10.000 milioi dolarrekoa.
Néstor Kirchner presidenteak Wall Street-ekin harremana eten zuen 2006an behin-behinean, zorra baliogabetu zuenean, harik eta Argentinak iragan urteko urtarrilean 9.000 dolarreko finantziazioa jaso zuen arte. Batzuen iritziz, NDFk eragin zuzena izan zuen Argentinako 2001eko “corralitoaren” krisian, Fernando de la Rúa orduko presidentearen gobernuari finantzazioa moztu baitzion.