argia.eus
INPRIMATU
Krisia eta estatua bidelagun

Iker Azagirre 2020ko ekainaren 11

Badirudi krisien garaia bizitzea tokatzen ari zaigula azken urte luzeotan. Bata bestearen atzetik etorri zaizkigu gainera, eta horietatik irteteko esperantzan egotea baino gehiago, kudeatzen ikastea dagokigula esango nuke. Krisien sasoia ez ezik sasoi kritikoa, edota egokiago, “sasoi krisikoa” ere deituko nioke. Zer esan nahi dut horrekin? Bada, kolpatzen ari zaizkigun arazo guztiek badituztela amankomunean zantzu sendo batzuk, egoera bera larria bihurtzen dutenak; izan ere, mehatxu guztiak — ekologikoa, ekonomikoa, klimarena, sistemikoa, gizateriarena, globala edota COVID-19arena — azaltzen saiatzen garenean, puntu jakin batzuen bueltan laburbiltzen dugu “arazoen praktikotasuna” (eskala lokaletik erantzuteko eskema). Azaltzen saiatuko naiz.

"Birusa eta gizakion artean egon behar duen harremana eta, hortaz, gizakion artekoa ere, estatuak ezarri digu"

COVID-19ari helduz, hausnarketa anitz egin daitezke bere eboluzioa eta aurre egiteko moduak azaltzeko; nik norabide batean jarriko dut nirea: birus malapartatu horrek pertsonongan duen eragina ulertzeko eta horri erantzuteko, “ekonomiaren plana” eta estatu subiranoen erabakiak izaten ari dira ardatz nagusiak, beste edozein ezagutza-multzoren gainetik. Esan nahi dut, birusaren ziurgabetasuna kontrolatzeko zientzia eta ezagutza ugari jarri dira abian; hala nola, biologia, kimika, epidemiologia edota farmaziatik eratorritakoak, baina birusari forma ematen ari zaiona estatu espainiarraren ekonomia-politika da, espainiar eta euskaldunon munduan behinik behin (argi ikusi dugu Frantziak, Alemaniak edota beste estatu batzuek beren erabaki propioak hartu dituztela).

Birusaren natura ezagutzea, ondoren berori “gizarteratzeko”, estatuaren erakundeen bitartez egiten ari da, eta hori ulertzea garrantzitsua dela iruditzen zait. Birusa eta gizakion artean egon behar duen harremana eta, hortaz, gizakion artekoa ere, estatuak ezarri digu. Sarri-sarri gutako orok galdetu izango genion geure buruari: “Nola ote da posible mikrobio batek gizakiontzat sor dezakeen mehatxua estatuak dituen instrumentuekin definitu behar izatea?” Niri burura datorkidan erantzuna: “Gorputz subiranoa izanik aproposa izan liteke, berori delako ezagutza-multzo ororen prozesu politikoa bideratzen duena”. Baina, ezagutza mota bat besteen “gainetik” jartzen denean eta horrek diktatutako lege naturalak obeditzea besterik gelditzen ez zaigunean mehatxuei aurre egiteko pertsonok dugun sentikortasun maila (humanitatea ote?) eta erantzun posibleak emateko gaitasuna galtzen dira.

"Ezkututik mugiaraziko gaituen subiranoa ezin daiteke jada merkatuaren esku ikusezina izan; gainera, ez da sekula izan eskua ezta ikusezina ere, aktore jakin batzuek egindako erabakien sarea baizik"

Estatuaren figura autoritatearen figura da; bere burua gehiegi azaldu beharrik gabe guztion bizimoduetan iparra eta zeruertza zein diren markatzen digu. Eguneroko bizimoduan ezkutuan sumatuagatik gizakion kanpo eta barne naturak (mundu objektiboaren materiala eta subjektiboaren morala) gorpuzten dituena, alegia. Merkatuaren esku ikusezinaren mito sendoa (estatuaren bidez natura bihurtu dena, biologiaren natura baino modu argiagoan bideratzen ditu erabakiak) birpentsatu beharko litzatekeela uste dut. Ezkututik mugiaraziko gaituen subiranoa ezin daiteke jada merkatuaren esku ikusezina izan; gainera, ez da sekula izan eskua ezta ikusezina ere, aktore jakin batzuek egindako erabakien sarea baizik, nahiz eta ekonomialari eta politiko hainbatek horrela saldu nahi izan diguten.

Aurretik daukagun erronka galanta da, eta ez COVID-19aren berragertzeak etor litezkeelako soilik; hortaz, erantzunak ere horrelakoxea izan behar du. Orain arte estatuen bitartez sortutako naturak (ekonomia politikarena) zailtasun handiak dauzka gizartea konposatu eta artikulatzeko; bakea baino gehiago, guda egoera areagotzen duela esango nuke. Ezin dugu utzi klimaren auzia, langabeziarena, immigrazioarena, pobreziarena, edota edozein ziurgabetasun sortzen duena, merkatua bezalako lege natural baten bitartez mugatzen. Beharbada, orain arte mundua gorputz solidoz osatutako organismo mekaniko handi bat bezala ulertu izan dugu, eta gizakiok “kanpoko” objektu pasiboak mugiarazteko arazo gutxi izan ditugu, merkatuaren legearen bitartez. Egun aldiz, objektu horiek biderkatu egin dira eta gainera ez dira definitzen errazak; birusak, atmosferako gasek, edota lurrazaleko hainbat eta hainbat gauzek “bizirik” (aktibo) daudela dioskute, eta erantzutea eskatzen dute; hau da, erantzukizuna hartzea. Laino artean ibiltzea egokituko zaigu aurrerantzean inoiz ez bezala, seguruenik, baina behintzat egin dezagun kolektiboki ulergarriago eta erantzungarriago izan litekeen gisara.