argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Krisi hotsak ikasturtea bukatzeko

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2022ko uztailaren 14a
Paolo Gentiloni europar komisarioak inflazioaren datuak eta Europar Batasuneko herrialdeen hazkunde aurreikuspenak eman berri ditu.

Ekonomista neoklasikoek parekatu zuten ekonomia eta merkatua. Argi zuten berebiziko garrantzia zuela ekonomia non hasi eta non bukatzen den definitzeak, balio ekonomikoa zerk duen, politika ekonomikoen eremua zein den eta subjektu ekonomikoak zeintzuk diren behar bezala zehazteko. Hamarkadak pasa dira ekonomia feministak ikuspegi mugatu hori hankaz gora jarri zuenetik, atzean dagoen iruzurra eta helburuak agerian jarri zituenetik. Baina tira, ekonomia neoklasikoa hegemonikoa da oraindik, eta dogma errespetatuz, bi  edo hiru hilabetez atzera egin behar du ekonomiak krisia dagoela esan ahal izateko. Beraz, ez gaude krisian, ez behintzat hazkunde ekonomiko negatiboan hainbat hilabetez jarraian egon arte.

Baina merkatua gainditzen duen edozein azterketa ekonomikok erakusten du bizi dugun krisiaren dimentsioa. Krisia badago bai: pobreziaren arriskua neurririk gabe handitzen ari delako; behar duen orok zaintza duina jasoko duela ziurtatzen ez delako; kontsumitzen dugunaren araberako balioa eta lekua dugulako jendartean; eros ahalmenari sekulako garrantzia ematera behartuak gaudelako, jakitun geroz eta gehiago kontsumitzeak orduan eta menpekoago egiten gaituela…

Krisia betiko parametroen arabera neurtu eta aztertuko dutela esaten ari zaizkigun honetan, momentu aproposa izan daiteke merkatuaren zentraltasunaren eta nagusitasunaren kontrako diskurtso ekonomikoa eztabaida politikoaren erdira eramateko.  “Bizitzak erdigunera” leloa edukiz, proposamenez eta estrategiez janzteko. Eta zergatik ez, amildegiaren diskurtsoari beldurra galtzeko, Mercedeseko langileek egin bezala.