Suizidioen kopuruak nabermen egin du gora Europar Batasunean, AEBetan eta Kanadan 2008an finantza eta ekonomia krisia hasi zenetik. Oxfordeko Unibertsitateak eta London School of Hygiene & Tropical Medicinek egindako ikerketak erakutsi du ekonomiaren gorabeherek osasun mentalean eragin handia dutela, baina baita eragin horiek murriztu daitezkeela ere.
2007 eta 2010 urteen artean Europar Batasunean suizidioen kopurua %4,8 igo zen; antzeko igoera izan zen Kanadan ere; eta %6,5eraino iritsi zen Amerikako Estatu Batuetan. Guztira 10.000 suizidio baino gehiago eragin ditu, ikerketaren arabera, azken sei urteetako egoera ekonomikoak.
Beren buruaz beste egin dutenen kopuruaren igoera ez da maila berekoa herrialde guztietan. Ikerketaren emaitzen arabera, langabetu eta deprimituei zuzendutako laguntza programa publikoak eskura dauden herrialdeetan (Suedia, Finlandia, Austria...) suizidioen kopuruak bere horretan mantendu edo jaitsi ere egin dira.
Aaron Reeves ikerketaren buruak adierazi du arazoa behar den bezala tratatuz gero, krisiak osasun mentalean duen eragina murriztu daitekeela, eta horrekin suizidio arriskua gutxitu: “Ikerketa honek erakutsi du kaltetuak izan daitezkeenak babesteko moduak bilatzea ezinbestekoa dela”.