Lehorteari aurre egiteko neurriak zorroztu dituzte 95 herritan, baratzak ureztatzeko ordutegi murrizketak eta iturrien itxierak besteak beste. Uraren erabilpen arduratsuaren aldeko mezua zabaldu du Pirinio Atlantikoen departamentuan sortutako idortearen aurkako batzordeak.
Abuztu erdialdera euria egin du eta horrek egoerak hobera egitea ekarri du. Adibidez, Gironda inguruko sutea itzaltzea lortu dute, Naizek berri eman duenez, uztailaren 12tik egon da piztuta eta 7.000 hektarea kiskali ditu. Uztailaren 29an esan zuten kontrolpean zutela eta abuztuaren 25an esan dute itzaltzea lortu dutela. Baina lehorteak dirau eta horri aurre egiteko hainbat neurri zorroztu dituzte, besteak beste, Ipar Euskal Herriko 95 herritan.
Krisi mailari aurre egiteko hartutako neurriak jaso ditu Mediabask-ek: baratzak ureztatzea debekatua dago goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara arte. Gainera, lorategiak, berde guneak eta golf zelai partikularrak ureztatzea debekatua dago uneoro. Kirol eta golf zelaiak astean bitan ureztatzeko aukera egongo da, gaueko 22:00etatik goizeko 06:00ak artean. Lan ibilgailuen garbiketa debekatu da, osasun arrazoiengatik bada izan ezik, eta auto partikularrak ura berrerabiltzen duten guneetan soilik garbitu daitezke. Igerileku partikularrak ezin dira bete ezta hirietako iturriak ere. Segurtasun edo osasun arrazoiengatik ez bada ezin dira etxeetako fatxadak eta teilatuak garbitu.
Neurri horiez gain, Errobi eta Aturri ibaietatik ura hartzea debekatua dago, horien emaria ezinbestekoa baita ur horniketa bermatzeko.