argia.eus
INPRIMATU
Krisi demografikoa eta pentsio publikoak
  • Pentsio publikoak beti daude kapitalismoaren jo puntuan, egungo ongizate estatua dagoen moduan. Oraingoan, Espainiako Bankuak, banku pribatuek eta demografia analisirako enpresek ez dute aukera pasatzen utzi pentsio publikoen sistema eraso eta pentsio pribatuen alde egiteko; beti ere euren onurarako, bankuek kudeatzen baitituzte pentsio pribatu horiek.

Juan Mari Arregi 2019ko irailaren 12a
Pentsionisten asteroko mobilizazio bat Bilbon (arg: Foku / Aritz Loiola)

Joan den astean, Euskal Herriari ere eragingo liokeen krisi demografikoari buruzko datuak argitaratu ziren. Hego Euskal Herrian ikasleen matrikulazioek izandako beherakadatik eta jaiotza tasa baxutik ondorioztatu dute pentsio publikoak arriskuan daudela, eta beraz, baita ongizate estatua bera ere. Baina ongizate hori ez da bankuei esker lortu, baizik eta Euskal Herriko eta Espainiako nahiz Frantziako estatuetako milioika pertsonen malko eta izerdiz.

Pentsio publikoak ez daude arriskuan jaiotza tasa baxuagatik, batez ere, arriskuan daude gazteak langabezian daudelako edo sortzen den enplegua oso prekarioa delako. Badago nahikoa aberastasun pentsio publikoen sistema eta egungo ongizate estatua mantentzeko. Falta dena da borondate politikoa aberastasun horren banaketa justuago bat egiteko eta bankuei, multinazionalei eta enpresa handiei zerga gehiago jartzeko.

Ez dago borondaterik inbertsio soziala lehenesteko, alderantziz, armetan edo obra faraonikoetan milaka milioi euro xahutzen dira. Ustezko krisi demografikoa aitzakia bat besterik ez da pentsio publikoak desagerrarazteko pentsio pribatuen mesedetan, bankuek, pentsio funtsek eta aseguruek gehiago irabaz dezaten.