$LIBRA izeneko kripto-txanponean inbertitzeko deia egin zuen Argentinako presidenteak sare sozialetan. Une batean 4.500 milioi euroko balioa izatera iritsi zen arren, ordu gutxiren ostean behea jo zuen kripto-txanponak eta galera asko eragin zizkien bezeroei. 100 salaketa baino gehiago jaso ditu, tartean herrialdeko oposizio politikoarena.
Inor gutxik espero zuen krisi politiko batek gogor kolpatu du azken egunetan Argentinako presidente Javier Milei: milioika euroko galerak eragin dituen kripto-txanpon baten iruzurraren erantzule nagusia izatea leporatu diote herrialdeko oposizioak nahiz iruzur horren biktimek. Infobae hedabideak argitaratu duenez, gutxienez 100 salaketa jaso ditu Mileik, eta gehienek "iruzurra" edota duen kargu publikoarekin "bateraezinak" diren ekintzak egitea leporatzen dizkiote.
Sare sozialetan $LIBRA deituriko kripto-txanponaren aldeko aldarria zabaldu zuen Argentinako presidenteak ostiral arratsaldean, eta berehala nabaritu ziren horren ondorioak –3,8 milioi jarraitzaile ditu Mileik X sarean–: minutu gutxitan kripto-txanponaren kotizazioa zerotik ia bost eurora hazi zen, eta guztira 4.500 milioi euroko balioa izatera iritsi zen. Ordu gutxi igaro ondoren, ordea, kripto-txanponaren token –jabetza– gehien zituzten inbertitzaileek euren irabaziak kendu zituzten kripto-merkatutik, alegia, ia 100 milioi euro, eta geroztik kripto-txanponaren balioa maldan behera joan zen, lurra jo arte.
Berehala ezabatu zuen lau ordu lehenago argitaratutako mezua Argentinako presidenteak, baina jada zauria irekita zegoen: orain arte egin diren ikerketa gehienen arabera, 100 milioi euro inguruko galerak eragin ditu guztira kripto-txanponaren porrotak. Barkamena eskatu zuen ondoren, sare sozialetan berriz ere, $LIBRA proiektuaren inguruko jakintza handirik ez zuela adieraziz eta kripto-txanponaren ekintzaileekin zerikusirik ez duela argituz.
Iruzurgileekin harreman zuzenak
Hurrengo egunean, larunbatean, Argentinako Gobernuak komunikatu bat argitaratu zuen gertatutakoa azaldu nahian. Milei $LIBRAren egileekin –KIP Protocol deituriko enpresa– aurretik bilduta dagoela baieztatzen da bertan, eta kasuaren ikerketa Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak eramango duela iragartzen da, botere exekutiboaren kontrolpean: hau da, gobernuak berak eginiko delitu bat ikertuko du.
Hautsak harrotu ditu Mileiren gorabeherak Argentinako politikagintzan: oposizioak presidenteari Kongresuan agertzea exijitu dio, iruzurrean izan duen parte hartzea azaltzeko. Gainera, Aberriaren Aldeko Batasuna alderdi peronistak iragarri du Mileiren aurkako epaiketa egiteko eskaera aurkeztu duela Epaiketa Politikoaren Batzordean.