argia.eus
INPRIMATU
Kreolera hizkuntza ofiziala izatea ukatu du Martinikako prefektuak
  • Martinikako asanbleako bozeramaileek kreolera hizkuntza ofiziala bihurtzeko artikulu bat aurkeztu zuten maiatzaren 25ean. Parisko Gobernuaren ordezkari nagusi eta Martinikako prefektuak, ordea, atzera bota du proposamena, isla hartako hizkuntza ofiziala, frantsesa dela argudiatuta.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko abuztuaren 24a
Martinikako exekutiboko presidente Serge Letchimy kongresuan

Martinika Ozeano Atlantikoan kokatzen den, eta Frantziako Estatua osatzen duen uhartea da. Frantsesa ez ezik, kreolera ere erabiltzen dute bertako biztanleek. Hori dela eta, kreolera hizkuntza ofiziala bihurtzeko artikulu bat aurkeztu zuten maiatzaren 25ean Martinikako asanblea autonomoko bozeramaileek. Prefektuak, baina, atzera bota du proposamena, eta bertako hizkuntza ofiziala, errepublika osoan bezalaxe, frantsesa dela azaldu du. Bertako exekutiboak prefektuaren partetik jasotako ezezkoa “utzikeria ekintza” dela azpimarratu du.

Uztailaren 25ean eskatu du Jean-Christophe Bouvierrek artikulua kentzeko. Bere esanetan, prefektuak “legea betearazten” du, eta ondorioz, artikulua kendu beharko litzateke. 20 minutes hedabideak azaldu du, Martinikako exekutiboko presidente Serge Letchimyk Frantziaren eta haren islen arteko harremana aldatzeko borondatea erakutsi duela “behin eta berriz”. Aldaketa batzuk egin ditu, besteak beste, Martinikako bandera aldatu du.