argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Kreditu txartel banpiroak

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko irailaren 25

Etxe azpiko fruterian, aste bakarrean, hainbat aldiz suertatu zitzaidan nire aurreko bezeroak hiruzpalau euroren ordainketa txartelarekin egitea, eta errepikapenak eraman ninduen lotsa gainditu eta galdera luzatzera: "Barka Dora, galdera bat egin diezazuket?"; "Bai, jakina, esan"; "Harrituta nago zenbat jendek egiten dizun ordainketa txartelarekin, baita kopuru txikienentzako ere"; "Bai, aurretik ere erabiltzen zuen jendeak, baina pandemia hastean izugarri hazi zen erabilera, eta behin amaituta ohitura geratu da"; "Seguruenik galdera inozoa da, baina bueltaka dut buruan aspaldi: diru oso gutxi denean ere eramaten al du bankuak ehuneko bat?"; galdera inozoa zela baieztatu zidan irribarrez; "Bai, eta behintzat guk negoziatu eta lortu genuen ohiko ehunekoa pixka bat jaistea"; "Atrebentzia ez bada, hilean zenbat diru eramaten du bankuak txartel ordainketetatik?"; "100 bat euro"; "Hilero!?"; "Hilero".

"Atrebentzia ez bada, hilean zenbat diru eramaten du bankuak txartel ordainketetatik?"; "100 bat euro"; "Hilero!?"; "Hilero". (fruteriako Dorarekin elkarrizketa)

Dora egunero goizeko 4etan atxatzen zen handizkako merkatura joateko, fruta aukeratu eta ohera bueltatzen zen tarte batez, goiza eta arratsaldea fruterian emateko. Dorak aukeratutako fruta Miguel bikotekide eta negoziokideak jasotzen zuen beranduago merkatutik, ondoren berak ere fruterian emateko eguna. Izerdi horrek guztiak ematen zien dirutik banpirizatzen zien bankuak hilero 100euro soilik txartel bidez.

Iragan uztailean utzi zuten fruteria Dorak eta Miguelek, Miguelen sorterri Asturiasen ortu bat landatu eta bertatik bizitzeko proiektua amets. Pandemiaren hasieratik uztailera joandako hilabeteen kalkulu azkar bat eginez (39) –eta aurretik banpirizatutakoa alde batera utzita–, beren proiektua abiatzeko 3.900 euro gehiago izango lukete aurreztuta, herritarrok esku-dirua erabili izan bagenu.

Dorari fruta, Hakimi ogia edo Mikeli potea ordaintzean (aldatu izenak eta produktuak zure etxe ondokoengatik), ez gaitezen izan banpirizazio horren konplize.

Nire atariko atetik ezkerrera egin eta lehenbiziko 100 metroetan bost negozio txiki daude: Doraren fruteria, bi taberna, bizartegia eta okindegia. Erreferentzia gisa fruteriaren kopuruak hartuta, hilabetero bankuak 500 euro banpirizatzen dizkie auzokideei 100 metroko espazioan, pandemiaz geroztik 19.500. Zeinek eta Espainian 2008-2022 aldian 164.774 milioi euro irabazi dituzten bankuek, epe berean 37.00 langile kanporatu, 9.351 bulego itxi eta diru publikotik 120.000 milioi euro jaso dituzten berberek.

Txartelak aukeran inoiz ez, kreditu bidez kontsumoa areagotzeko eta kontsumo ohituren datuak aztertuz kontsumismoa are gehiago areagotzen ikasteko gailuak diren heinean, besteak beste. Baina, behintzat, Dorari fruta, Hakimi ogia edo Mikeli potea ordaintzean (aldatu izenak eta produktuak zure etxe ondokoengatik), ez gaitezen izan banpirizazio horren konplize.

(PD: Aste honetan udaletxera ikastaro bat ordaintzera joan eta esku-diruarekin ezin, txartelarekin halabeharrez, erakunde publiko batean: hara, autobanpirizazioa)

( ** Artikulu honen lehen bertsioan adierazten nuen Dorak "ia 300 euro" erantzun zidala, txartelaren ordainketen komisioagatik bankuak eramaten zuen kopuruaz galdetuta. Horrela esan zidan berak. Behin argitaratuta, ohartarazi didate kopurua nekez izan zitekeela zuzena. Dorarekin ezin hitz egin, eta egun fruteria eramaten duen pertsonarekin egon ostean eta ustezko akatsa zuzendu nahian, ematen dudan kopurua nabarmen jaistea erabaki dut... baina artikulua mantentzea, kopuruak kopuru mamiak balio bera duela iritzita)