argia.eus
INPRIMATU
Krak egin dezake Asia hego-ekialdeko habe nagusietako batek
  • Bitxikerien txokorako bezala geratu da: Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak Srettha Thavisin kargugabetu ondoren, Paetongtarn Shinawatra, 38 urte betetzear zen emakume gaztea, bihurtu da herrialde hartako lehen ministro duela hamar egun. Haren emakume- zein gazte-tasunari bakarrik erreparatu behar balitzaio bezala edo. Eta ez, alajaina.

Mikel Aramendi 2024ko abuztuaren 27a
Paetongtarn Shinawatra, 38 urte betetzear zen emakume gaztea, bihurtu da Thailandiako lehen ministro.

Hedaduraz Espainia eta biztanlez Frantzia adina den herrialde horretako krisi politikoaren enegarren urratsa da Paetongtarnen izendapena. Eta harrigarri samarra litzateke azkena izatea.

Oso gaingiroki azalduta, krisiaren protagonista nagusiak izango lirateke, alde batetik, Shinawatra familia buru duen mugimendu populista, gaur egun Pheu Thai izenarekin diharduena; gorria, kolorez (ez atera hortik aurrera gehiegizko ondorio politikorik), eta azken bi dozena urte hauetan hainbat aldiz lehen ministro kargua beretu duena, zuzenean (Thaksin [2001-2006]; Yingluck, haren arreba [2011-2014]; eta orain, Paetongtarn alaba) nahiz zeharka (Thavisin [2023-2024]).

Haren aurka, militarrek eta goi-burokraziak kudeatuta kolore horia erabili ohi duen establishment kontserbadorea. 2014ko estatu-kolpe militarraren ondorik Prayut Chan-o-cha lehen ministroa buru izan duena 2023ko hauteskunde orokorrak nabarmen galdu zituen arte. Badira beste protagonista batzuk ere: Alderdi Demokrata... eta Rama X Vajiralongkorn errege ahaltsua, “gorrien” zaleagoa irizten dena.

“Barne-gorabehera” arrunt samarra izango litzateke guztia, ez baletor hari atxikita eskualde geopolitiko osoa zirraratzen duen egitasmo bat: Kra istmoa zeharkatzeko pasabide bat (kanala, trenbidea, autobidea) eraikitzea. Aspaldi-aspaldiko burutazioa da, baina Shinawatratarren mugimenduak ikurtzat hartu zuen arte lozorroan egon dena. Eta oraintxe bertan, Paetongtarnen izendapenarekin, lehen planora itzultzen ari dena.

Egitasmoaren aldaera desberdinen arazo teknikoak eta finantzarioak ez dira nolanahikoak; baina egiteko modukoak liratekeela ematen du, baldin eta behar besteko kontsentsua balego. Hor baitago koska: Krako pasabide horrek biziro baliogabetuko lituzke Malacako itsasartea (eta, bide batez, Singapur eta Malaysiaren baliabideak) eta Indonesiakoak (Sunda, Lombok, e.a.). Zalantzarik gabe, ASEAN elkartea flotazio-marran joko lukeen torpedoa litzateke.

Hain da nabaria egitate hori ezen, onuradun handiak liratekeelako egitasmoaren aldekoak diren hirugarren herrialdeak (Txina, Japonia, Hego Korea, Vietnam) ez direla gaurdaino ausartu harentzako finantzazioa –ezinbestekoa– hitzematen. Eta are gutxiago eraikuntzarako eskua luzatzen. Baina beharrak aldarazten ditu gauzak, eta ez dira gutxi alde hartan.

Edo lehenago aldaraziko ote du, berriro, Thailandiako goi-politika Krako pasabidearen mamuak?