3.500 krabelin gorrik kolorea eman zioten larunbateko manifestazioari. 1936ko biktimak izan dituzte gogoan. Kolore guztiak izan ziren faxismoaren aurkako protestan. UPN eta PP izan ezik, alderdi politiko guztietako ordezkariak izan ziren. Sindikatuak, gizarte eragileak eta elkarteak ere atera ziren kalera.
Askatasunen alde, faxismoari ez! goiburua zuen pankarta nagusiak larunbateko manifestazioan. Ez zen bakarra izan. Manifestazioaren ibilbidean barrena gizarte eragileak, sindikatuak eta elkarteak izan ziren, eta eurek ere, eramaten zituzten kolore guztietako eta aldarrikapen askotariko mezuak. Denek bat egin zuten akaberan Askatasuna plazan. 1936ko biktimak ere ekarri zituzten gogora eta horretarako krabelinak goratu zituzten. 3.500 guztira, faxismoak erahildakoak aintzat hartzeko asmoz.
Alderdi politiko guztietako ordezkariak elkartu ziren larunbat arratsaldeko manifestazioan. UPN eta PP ez ziren izan. Sindikatuak, gizarte eragileak, gazte taldeak eta sektore desberdinetako kideak bildu ziren protestara.
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra
Ahotsa.infok argitaratutako ondoko bideoan ikus daitezke, halaber, martxa jendetsuaren hainbat une.