argia.eus
INPRIMATU
Krabelin gorriz jantzi dute German Rodriguezen hilarria
  • German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu, eta langile mugimenduaren alde egindako lana txalotu dute Iruñean. Palestinari ere elkartasuna adierazi diote, sanferminetan urteroko zitan Iruñean.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 08a
Fermin Balentzia oholtzan.

Krabelin gorria “inoiz” zimeldu ez dadin, German Rodriguez eta Joseba Barandiaran omendu dituzte Iruñeko Orreaga kalean. 46 urte igaro dira, 1978ko uztailaren 8an, Espainiako Poliziak zezen plazara tiroka sartu, eta ondoren, karrikako istiluetan Rodriguez hil zutenetik. Hortik, hiru egunetara Barandiaran hil zuten Donostian, Rodriguezen hilketa salatzeko protestetan. Egia, justizia eta ordaina eskatu dituzte.

Duela bost urte bezala, aurten kereila bat jarri dute epaitegietan 1978ko gertaera ikertzeko. “Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak mozio bat onartu dute 78ko sanferminetako gertakariak frankismoak trantsizioaren garaian gizateriaren aurka egindako krimenak direla onartzeko”. Modu horretan, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen 2. artikuluak zehazten du gizateriaren aurkako krimenak preskriba ezinak direla. Hori litzateke 1977ko amnistiaren legea gainditzeko modua sustatzaileen arabera.

Horrekin batera, Presen Zubillaga, taldeko sortzaileetako bat izan dute gogoan, eta Palestinaren kontrako genozidioa salatu, eta elkartasuna adierazi diote Palestinako herriari.

Aurresku, bertso eta kanta artean omendu dute Rodriguez. Irene Araukok dantzatu du aurreskua, eta Josu Sarasatek eta Mikel Legorburuk, 78ko sanferminetan zauritutakoek, jarri diote doinua. Horrez gain, La Furia rap kantaria eta Mikel Lasarte bertsolaria ere aritu dira ekitaldian.

Memoriaren garrantzia

Alde Zaharreko Gazte Mugimenduko kideak izan dira aurten Rodriguez omentzeko mintzatu direnak. Azpimarratu dute “ezinbestekoa” dela “bere jendea, heroiak, benetakoak, bere klasekoak eta herrikoak” aldarrikatzen dituen memoria eraikitzea iraganean gelditu ez dadin: “Gaurko belaunaldiek eta etorkizunekoek, auzotik eta auzoaz gaindi, zu bezalako pertsonak ezagutu, eta zuetaz harro egon daitezen nahi dugu”. 

Rodriguezek antifrankismotik eta langile mugimendutik egindako ekarpena nabarmendu dute: “Zure bizitzarekin ordaindu zenituen hainbeste desjabetuen irrikak”. Horrekin batera, Iruñeko kaleak eta plazak “aunitz” aldatu direla esan dute, eta El espacio de la fiesta y la subversión (Festaren lekua eta subertsioa) liburua ekarri dute gogora: “Liburuan azaltzen lagundu zenuena, turistifikazio hasiberri baterantz iragana da. Auzoko dendak apustu etxeak dira orain”.

Rodriguezen omenez aurten egin duten horma irudiaz mintzatu dira gazteak: “Paretek eta kantoiek hilarri honetatik Deskalzos karrikako horma irudira, zure memoria eta zure ametsak aldarrikatzen segitzen dute”.

Gora German! oihukatuz, txalo artean eta Fermin Balentzia musikariak Oroitarria kantatuz amaitu dute ekitaldia: “Zigor gabe errudunak, noiz justizia herriak? Krabelin gorri bat zara, gure bihotzean loratu zana”.