argia.eus
INPRIMATU
KPIaren araberako Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta: zigor bikoitza emakumeentzat
  • Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) arabera gaurkotuko du Eusko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE). Euskal Autonomia Erkidegoan, DSBEa eskatu behar duten pentsionistetatik %68 emakumeak direla azaldu du LABek.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 12a

Euskal Autonomia Erkidegoko DSBEan ez da Espainiako Gobernuak gutxieneko soldatan ezarriko duen %8ko igoerarik izango, KPIaren arabera gaurkotuko baitu Eusko Jaurlaritzak. LAB sindikatuaren arabera, “zigor hori bikoitza da emakumeen kasuan”. Izan ere, EAEn pentsio baxuak izateagatik DSBEa eskatzen duten 15.817 pertsonetatik 10.737 emakumeak dira. Horrez gain, familien zaintzan lanean ibili arren, kotizatu ez duten eta pentsiorik izateko aukerarik ez duten emakumeak ere badirela gogoratu du sindikatuak.  

DSBEa gutxieneko soldataren arabera gaurkotu beharko litzatekeela esan du LABek. KPIaren arabera gaurkotzea “pertsona zaurgarrientzat zigor gehigarria” dela uste du, baina azaldu egin du gobernuarentzat “garrantzitsuagoa” dela “aberatsak eta proiektu handiak babestea”.

Hori dela eta, dei egin dio jendarteari, bereziki emakumeei, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia eragozteko mobilizatzera. LABen hitzetan, “ez dugu onartuko politika neoliberal eta antisozialek beharrizan larrienak dituztenak zigortzen jarrai dezaten”.