Aurreikusitakoa baino gutxiago jaitsi da Kontsumorako Prezioen Indizea Hego Euskal Herrian: %10,5ekoa izan da abuztuan eta bizitzaren garestitzeak ez du etenik. Haragia, ogia, zerealak, esnea, gazta eta arrautzak bereziki garestitu dira.
Inflazioak errekorrak hautsi ditu eta 30 urtean bizitu gabeko maximo historikoetan mantentzen da KPIa Espainiako Estatuan.
Elikagaien prezioa %13,8 igo da. Olio eta koipeak %24 garestitu dira, arrautzak %22,4, esnea %25,6 eta zerealak %21,7. Ogia, behi-haragia, hegazti-haragia, esnekiak, patatak eta horien prestakinak %15 baino gehiago garestitu dira.
Erosketa saskia bakarrik ez, bestelako kontsumoek ere gogor ari dira astintzen herritarron poltsikoak. Azken urtean, berogailua, argindarra eta ur-hornidura %47,2 garestitu dira. Erregaien prezioa apur bat jaitsi da uztailetik, baina lehengo urtearekin alderatzen badugu, %24,7 garestitu da gasolindegitik pasatzea. Etxebizitza ere %24,8 garestitu da lehengo urtetik eta %3,6 uztailetik, elektrizitatearen salneurriak gora egin duelako.