argia.eus
INPRIMATU
Koxkako tabernariak deklarazioan “esan ez zituen gauzak” txertatutako dokumentua aurkeztu du akusazioak
  • “Nik igandean deklaratu nuen, baina esan ez nituen gauzak daude dokumentuan”, esan du Altsasuko Koxka tabernako jabe Iosu Muñoak.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 19a

Epaiketaren hirugarren egunean, asteazkenean, Altsasuko Koxka tabernako jabeak eta zerbitzariak eta foruzainek deklaratu dute. Guztiek ezeztatu dute atzo guardia zibilek emandako bertsioa. Muñoak ere hala egin du, baina aipagarriena izan da igandean Foru Poliziaren aurrean egin zuen deklarazioaren dokumentua sinadurarik gabe aurkeztu duela akusazioak. Muñoak nabarmendu du dokumentuak ez duela bere sinadurarik, eta berak “esan ez zituen gauzak” agertzen direla bertan. Tartean, agertzen da Muñoak esan zuela Altsasuko liskarra “aurrez pentsatu” zutela gazteek, eta hori esan izana ukatu du. Akusazioaren irregulartasunak dokumentua deuseztatzea eragin lezake.

Koxkako zerbitzari Naiara Navarrok esan du tabernan 30 lagun inguru zeudela, eta ez 80, asteartean tenienteak esan bezala. Tabernaren sarreran “gehienez hamar pertsona” sar daitezkeela esan du. Aldiz, tenienteak esan zuen hogei lagunek eraso egin zietela leku horretan.