Gaur zen egitekoa Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako bosgarren epaiketa, baina atzeratu egin dute, defentsak kausaren inguruko dokumentu bat eskatu duelako. Epaiketa honetan ustez argazkilariak eskaera judizial bati muzin egiteagatik epaituko dute, adingabeko baten irudiak Youtubetik kentzea behartu baitzuen epaitegi batek, eta argazkilariak ez zuen agindua bete. Urte bateko kartzela zigorra eskatzen dute akusazio partikularrak eta Gipuzkoako Fiskaltzak ustezko delitu honengatik.
Kote Cabezudo Donostiako argazkilaria ustez 47 delitu egiteagatik dago ikertuta. Orain arte lau epaiketa izan ditu, otsailaren 17koa azkena: haren aurkako ikerketa judizial bat oztopatzen saiatu izanagatik zigortu zuen Donostiako Epaitegiak, eta 425 euroko isuna ezarri zion.
2013an abiatu zen Kote Cabezudoren aurkako lehenengo auzia: lehenengo epaiketan, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten donostiarrari –2018ko maiatzaren 4tik dago Martuteneko kartzelan, behin-behineko espetxealdian–, salaketa jarri zuen biktimetako bat biluzik ageri zen bere argazki bat sareetan argitaratzearekin mehatxatzeagatik. Bigarrenean, bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, justiziari kontratu faltsuak entregatu izanagatik, harentzako lan egin zuen adin txikiko modelo batek 18 urte baino gehiago zituela justifikatzeko. Zigor horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Cabezudok, eta oraindik ez da behin betiko epaia atera. Urtarrilean, hirugarrenez epaitu zuten argazkilaria, sare sozialetan neska gazte baten “argazki erotiko bat” argitaratzeagatik, justiziak irudi hori borratzeko agindu ondoren. Martxoan eta apirilean beste bi aldiz epaituko dute, ustez justiziaren beste bi agindu ez betetzeagatik.