Kote Cabezudoren auziak Donostiako udaletxeko ateak zeharkatu ditu astelehenean, EH Bildu eta Irabaziren eskutik. Alderdi biek argazkilari donostiarraren biktimen arretari buruz galdetu diote Udal Gobernuari. Kote Cabezudoren Biktimen Sostengurako plataforma eta salatzaileen abokatua ez dira gustura geratu Udal Gobernuak emandako azalpenekin.
EH Bilduk eta Irabazik Eneko Goia Donostiako alkateari zuzendu asmo zizkioten galderak, baina ez da Udaleko Pertsonen Zerbitzu Batzordera agertu, eta EAJko Duñike Arrizabalagak hartu du hitza bere ordez.
Eguerdiko 12:00etan hastekoa zen batzordea, eta une berean elkarretaratze isila egin da udaletxe aurrean Kote Cabezudoren Biktimen Sostengurako plataformak deituta. Han izan da Mario Díez, Kote Cabezudoren hamasei biktimen abokatua – lau emakume gehiagoren defentsa hartu berri du –, biktimen sostengurako plataformako kideekin batera.
Cabezudoren kasuaren arrabotsa handitzen ari da egunez egun. 2013ko urtarrilean salatu zuen emakume batek lehen aldiz argazkilari donostiarra, eta ordutik, hainbat emakumek eraman dute Cabezudo auzitegietara. Egun 21 dira argazkilaria salatu duten emakumeak.
EH Bilduko Naiara Sampedrok ongi-etorria eman die Biktimen Sostengurako plataformako kideei, eta Eneko Goia ez agertzea deitoratu du, uste zuelako “alkateak gai hau lehentasunezko duela”. Udal Gobernutik biktimei babesa eskainiko ote zaien eta horretarako zer baliabide jarriko duten galdetu du Sampedrok. Bestalde, Udal Gobernuari leporatu dio Kote Cabezudoren “biktimen elkartearekin harremanetan jarri ez izana”.
EAJko Duñike Arrizabalagak erantzun dio asmoa daukatela biktimekin harremanetan jartzeko, eta EH Bilduko zinegotziari gogorarazi dio Kote Cabezudoren aurkako lehenengo salaketaren garaian, 2013an, Sampedro zela Udal Gobernuko berdintasun zinegotzia.
“Udal Gobernua ez da iniziatiba hartzen ari, berandu etorri da kasu honetara. Oso larria iruditzen zaigu salatu duten emakumeekin harremanetan ez jartzea”, salatu du Irabaziko Amaia Martinek. Argazkilariarena ez ezik, beste auzi batzuk mahai-gaineratu ditu Martinek, sexu abusuak egotzita otsailean espetxeratu zuten Donostiako tatuatzailearen auzia kasu.
Alderdi politikoek Batzordean proposatu dute Bozeramaileen Biltzar bat sortzea auziari erantzuteko.
“Gehiago izan da elkarri kexuzka ibiltzea, zerbait konstruktiboa baino”, adierazi du Mario Díez auziko hamasei biktimen abokatuak. Lau emakume gehiagoren abokatua da ostiralaz geroztik – hamasei guztira –, eta beste lau aurkeztuko dituela iragarri du. 1988tik 2013ra luzatzen diren abusuen biktimak defendatzen ditu Díezek.
Abokatua gehien kezkatu duena da EAJk alderdi politiko bezala eskatu duela epaiketetara agertzea, eta horrek esku-sartze politikoak eragingo lituzkeelakoan dago: “Alderdi politiko bat epaiketara agertzeak salatzaileen identitatea ezagutzea eta epaiketa prozesuko material guztia ezagutzea eragingo luke, eta tokiz kanpo dagoela uste dut. Hitz egiten ari gara haurren pornografiaren inguruan, sexu abusuen inguruan… horrek ziurtasun eza eragiten die biktimei. Legearen izenean epaiketetara agertzea eskatzen dute, eta gaur alkatea ez da batzordera agertu”.
Esku-sartze politikoen inguruan, Díezek esan du jada jarri dutela salaketa bat Espainiako Fiskaltza Nagusian, susmoa daukatelako prozesua ez dela “beharrezko bermeekin” egin, litekeena delako Kote Cabezudok “babestu duen jendearekin” harremanak izatea. Adibide bezala jarri du Ana Isabel Pérez Asenjo epailearen aurkako salaketa, zeina auzi honen magistratua baitzen. Salaketa tramitera onartu du EAEko Epaitegi Nagusiak, eta behin-behinean auzitik kanpo utzi du. Pérez Asenjori leporatzen zaio emakumeei egindako sexu erasoen irudiak Internetetik kentzeko ezer egin ez izana, besteak beste. “Biktimek nahi dutena da epaiketa hau ahalik eta azkarren amaitzea, eta berme guztiekin. Politikariek geroz eta oztopo gutxiago jarri, biktimentzat hobeto”, adierazi du Díezek.
Abokatuen arabera, orain biktimak Kote Cabezudo salatzera ausartzen dira, “auzipetua behin-behinean espetxean dagoelako”. Kalean egon denean emakumeen salatzeko beldurra nabarmendu du, izan ere, biktimak beldur ziren “argazkilariak beraien kontra erabil zitzakeen materiala eduki dezakelako”.
Santi Antero Txan Magoak ezustean hartu du hitza elkarretaratzea egin bitartean, eta esan du “gai hau oso gertutik” bizi duela. “Txikitan arrantza egitera joaten nintzen, eta bi aldiz tipo batek ukituak egin zizkidan”, azaldu du. Erasotzailea Jesus Mari Alkain alkate ohiaren anaia zela esan du.