Leporatzen zaion kausa nagusiagatik epaitu bitartean, hainbat zigor ari zaizkio pilatzen Kote Cabezudo argazkilariari. Bere aurkako laugarren epaia argitaratu da asteartean, eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra ebatzi du akusatuaren aurka.
Zortzi hilabeteko espetxealdiarekin eta 3.000 euroko kalte-ordainarekin zigortu dute asteartean Kote Cabezudo argazkilaria, autoritate judizialaren aurka desobeditzea leporatuta. Donostiako epaitegiek Cabezudoren aurka agindutako laugarren zigorra da, nahiz eta oraindino ez duten epaitu leporatzen zaion kausa nagusiagatik: sexu askatasunaren aurkako hainbat deliturengatik. Egun artean argazkilariak jasotako lau epaietatik bi irmoak dira, hirugarren baten aurka apelazioa dago aurkeztuta Gipuzkoako Auzitegian, eta berrienari helegitea jar diezaioke akusatuak.
Astearteko epaiari dagokion gertakaria 2013koa da. Cabezudok adin txikiko emakume baten argazkia argitaratu zuen sare sozial batetan, zeinak epaiaren arabera, “ildo erotikoa zeukaten argazkilaritza lanak sustatzen zituen”. Horren ondotik, 2014ko uztailaren 4an, eduki hori eta bere biktimen irudi guztiak saretik ezabatu zitzala exijitu zion Gipuzkoako Auzitegiak akusatuari. 2017ko urtarrilaren 25ean, agindu bera helarazi zion Donostiako Instrukzioko 4. zenbakiko Epaitegiak, exijituz bere biktimen eduki oro –izan argazki edo bideo formatuan – ezabatu zezala sare sozialetatik eta webguneetatik. Bi agindu horiek alde batera, 2013an argitaratutako adin txikiko emakumearen argazkiak eskuragarri jarraitzen zuen Cabezudok sare sozial batean zeukan kontuan, 2018an. Hargatik jaso du zortzi hilabeteko espetxe zigorra, epaitegiak “gelditasun kontzientearen” ondorio gisa ulertu baitu argazkia ez ezabatu izana.
Cabezudok bere aurkako beste bi epaiketa ditu zain, antzerako zioengatik. Adin txikiko beste emakume baten irudiak Youtube kanaletik ezabatzeko agindu judizialari entzungor egiteagatik epaituko dute, batetik. Eta seigarren epaiketa batean, bere biktimen irudiak ezabatzea agintzen zion agindu judizialari jaramon ez egiteagatik epaituko dute.