argia.eus
INPRIMATU
Kote Cabezudoren aurkako epaiketa martxoaren 7an abiatuko da
  • Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako epaiketa martxoaren 7an hasiko da Gipuzkoako Auzitegian eta hilabeteko iraupena izango du. Hogei saio egingo dira, eta apirilaren 7an emango diote amaiera.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2022ko urtarrilaren 26a
Elkarretaratzea, Kote Cabezudoren aurkako epaiketa batean (Argazkia: IƱaki Agirre)

121 urteko espetxe zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Guztira, 32 delitu leporatzen dizkio. Besteak beste, hainbat eraso egitea, haur pornografia egin eta zabaltzea, pertsonen intimitatea urratzea eta iruzur egitea egozten diote Cabezudori. Fiskalaren arabera, 1992tik 2013ra bitartean hamasei modeloren aurka egin zituen eraso horiek, eta haientzat milioi bat euroko ordain ekonomikoak eskatu ditu.

Cabezudo 2018ko maiatzaren 4tik Martuteneko espetxean dago, behin-behineko espetxealdian. 2020ko apirilean, behin-behineko kartzelaldia lau urtera luzatzea erabaki zuten, legez ezarritako gehiengora, alegia. Horrela, 2022ko maiatzean bukatuko litzateke denbora hori.

Kasuaren instrukzioa 2013an hasi zen, eta 2019ko uztailean itxi. Dagoeneko bost aldiz zigortu dute argazkilaria, justizia oztopatzeagatik, dokumentu faltsuak aurkezteagatik eta epaileen aginduak ez betetzeagatik, besteak beste. Esaterako, apirilean zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, adingabe baten argazkiak eta bideoak saretik kentzeko agindu judiziala ez betetzeagatik.