argia.eus
INPRIMATU
Kote Cabezudo argazkilariari 28 urteko kartzela zigorra jarri diote
  • Sexu izaerako hainbat delitugatik zigortu dute donostiarra: sexu abusuak, bortxaketa, haur pornografia eta modeloei iruzur egitea egotzi diote. 116.000 euroko kalte ordaina eman beharko die erasan zituen emakumeei.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 27a
Argazkia: Arantxa Iraola.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak jarri dio zigorra Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari. 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, hainbat deliturengatik: bortxaketa bat, sexu abusu bat, haur pornografiari lotutako sei eta modeloei iruzur egiteagatik beste bi delitu. Hamazazpi emakumeren salaketak hartu dituzte kontuan epaiketan, eta biktima horiei 116.000 euroko kalte ordaina eman beharko die.

Akusatuta zegoen beste 217 delitugatik absolbitu egin dute. Martxoaren 7tik apirilaren 13ra bitartean izan zen Cabezudoren aurkako epaiketa, eta fiskaltzak 250 urte baino gehiagoko kartzela zigorra eskatzen zuen; akusazio partikularrak, berriz, 2.627 urtekoa. Egun Martuteneko espetxean dago, behin-behineko espetxealdia betetzen 2018ko maiatzetik. Zigor Kodean onartutako gehienezko 20 urteak gainditzen ditu sententziak, beraz, ez ditu bete beharko gainerako zortzi urte eta bi hilabeteak; kartzelan daramatzan lau urteak ere betetzat joko dituzte. 2013an jarri zituzten lehen salaketak emakumeek, eta ia hamar urte beranduago eman dute kasuari buruzko sententzia epaitegian. Indarka taldean daude bilduta Kote Cabezudoren biktimak, eta Pikara Magazine agerkarian salatu zuten, besteren artean, "onartezina" dela hainbeste urte irautea instrukzioak.

Haur pornografia eta sexu erasoak

Maria Jose Barbarin, Ana Isabel Moreno eta Augusto Maeso magistratuek ebatzi dute Kote Cabezudoren kasua, 340 orrialdetan. Delituak modeloekin egiten zituen argazki saioei lotuta daude, eta hainbat urtetan egindakoak dira. Bi modeloren kasuan haien askatasun sexuala errespetatu ez zela ondorioztatu dute, eta argazkilariari bortxaketa bat eta sexu abusu bat egotzi dizkiote, haien gorputzekin argazki saioan “nahieran” jokatzeagatik, nahiz eta andreek horretarako baimenik ez eman. Halaber, bi iruzur delitu leporatu dizkiote: bi emakumek irudi eskubideak erosi zizkioten Cabezudori, euren argazkiak webgunetik kendu zitzan, baina ebatzi dute ez zuela ezer egin gainerako webguneetatik argazki horiek ezabatzeko, hortaz, iruzurra frogatutzat eman dute.

Adin txikikoei lotutako delituak ere leporatu dizkiote: haur pornografiari lotutako sei, hain zuzen. Biktimetako seiren argazkiak haur pornografia direla baieztatu dute, eta horietatik lauren argazkiak webguneetan zabaldu zituela, baita beste batenak horretarako gordeta zituela ere. Beste bost biktimaren kasuak preskribatuta daudela ebatzi dute epaileek.