argia.eus
INPRIMATU
Kote Cabezudo argazkilariarentzat 121 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak
  • Argazkilari donostiarraren aurkako auzi nagusian 32 delitu egotzi dizkiote, sexu erasoei, haur pornografiari eta pertsonen intimitatea urratzeari lotuta. Fiskaltzak dio hamasei modelori egin zizkiola erasoak.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 23a
Hamasei modelorentzat milioi bat euroko kalte-ordaina eskatu dute. / Argazkia: IƱaki Agirre, Irutxuloko Hitza.

Gipuzkoako Fiskaltzak guztira 121 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Kote Cabezudo argazkilari donostiarrarentzat, haren aurkako auzibide nagusian 32 delituren egile izatea leporatuta. Hainbat sexu eraso egitea, haur pornografia egin eta zabaltzea, hamasei modeloren osotasun morala urratzea eta iruzur egitea egozten diote, besteak beste. Emakume horientzat guztira milioi bat euroko kalte-ordaina eskatu dute.

Fiskaltzaren idatzian jaso dutenez, Cabezudo “adin ezberdintasun nabarmenaz” eta “moda argazkilari posizioaz” baliatu zen sexu erasoak egiteko, horietako batzuk adin txikikoei. Epaiketa datorren urtean hastea aurreikusi dute. Horrez gain,beste epai baten zain dago zigor arloko epaitegi batean, eta 2022ko martxoan beste epaiketa bat izango du, bi aldiz atzeratua izandakoa.

Cabezudo momentuz bost aldiz kondenatu dute. 2018az geroztik, behin-behineko espetxealdia betetzen ari da Martuteneko kartzela, eta iaz erabaki zuten auzitegiek 2022ra arte luzatzea behin-behineko kartzelaldia, desobedientziagatik.