argia.eus
INPRIMATU
Kosta lerroa, beti egon da hor?
  • Aranzadik otsailaren 4tik 6ra Donostian antolaturiko arkeologia jardunaldietan, historiaurreko aldaketa klimatikoak aztertuko dituzte. Azken urteetako teknologiaren garapenari esker jakin dezakegu, esaterako, euskal kostaldea noraino barneratzen zen itsasorantz Kuaternarioan eta nola egin duen atzera ordutik hona. Antzinako paisaia nola zen jakiteak lagunduko digu, agian, etorkizunekoa nolakoa izango den iragartzen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko urtarrilaren 23a
Ebroren Delta irentsi egin du itsasoak azken ekaitzarekin.

Mediterraneoan Gloria ekaitzak utzitako irudi harrigarriak jan ezinda gabiltza oraindik, Ebroren Delta nola irentsi duen itsasoak ikustea besterik ez dago. Gurean, Kantauri itsasoak ere eragin ditu kalte larriak azken urteotan, gero eta gogorragoak diren enbaten eta Aldaketa Klimatikoaren ondorioz.

Aldaketa Klimatikoak lehenago ere gertatu dira Historiaurrean –ez gizakiak sorturikoak, hor badago alde handi bat–, eta horren inguruan hitz egingo dute Donostiako San Telmo Museoan otsailaren 4tik 6ra Aranzadik antolaturiko arkeologia jardunaldian. 2,5 milioi urtetik hona luzatzen den Kuaternarioaren ezaugarrietako bat izan da klima hotz eta beroko garaiak uztartzea.

Aldaketa horien ondorio nabarmenena, gurean behintzat, kosta lerroaren atzera-aurrerak izan dira. Jardunaldian, Peru Bilbao geologoak Kosta lerroa, beti egon da hor? hitzaldia emango du, egun itsas azpian ikusten duguna garai batean lurrazalean nola zegoen azaltzeko. Azken hamarkadetan izandako aurrerapen teknologikoei esker, askoz datu gehiago bildu ahal izan da itsas hondoaren mapak sortu eta ezkutuan dagoen erliebe horren itxura agertzeko.

Bilbao tesia egiten ari da kostaldearen kurben inguruan eta ondorio batzuk jadanik eskaini zituen Bilbon 2019ko uztailean egin zen Kuaternarioaren XV. Biltzar Nazionalean (pdf). Erresoluzio altuko Gainazaleko Erdu Digitalak erabiliz kostaldeko morfologia zein izan zitekeen ikertu du, eta duela 21.000 urtetik hona itsas maila non kokatzen zen zehaztu du, Muskitzetik Hedaiarainoko mapa batean.

Honen arabera, 21.000 eta 15.000 urteen artean kosta lerroa egonkor mantendu zen, baina egun dagoenetik oso urrun. Esaterako, Matxitxako lurmuturretik 4,2 kilometrora zegoen itsasoa eta Pobeñatik 15 kilometrora. Gero, 9.000 urte arte itsas maila etengabe igo zen eta ordutik hona gaur egungo itxura antzekoa mantendu du kostaldeak.