argia.eus
INPRIMATU
Izpiliku kosmetika naturala
“Kosmetikan ere, produktuen jatorriari gero eta gehiago erreparatzen zaio”
  • Orendaingo familia bat dago Izpiliku kosmetika naturalaren atzean. Jarduerarekin modu ofizialean berriki hasi badira ere, proiektuaren erroak duela zazpi bat urte kokatzen ditu Naiara Lizarribar Garmendia kideak: “Amak azaleko arazo asko izan ditu, eta dermatologo batetik bestera ibili arren, ez zuen horiek konpontzea lortzen. Horrela hasi zen beretzat xaboiak egiten, behar horretatik”. Amaren jarduera hurbiletik jarraitu du hasieratik Lizarribarrek, eta ikustetik eta ikastetik, kosmetikarena bien proiektu bihurtu dute denborarekin. “Familiako proiektu bat da hau, eta orain aurrean ni banago ere, ama eta ahizpa ere honetan daude”, gehitu du.

Garazi Zabaleta 2022ko maiatzaren 19a

Hasiera batean etxerako ekoizpena zena zabaltzen hasi eta jarduera garrantzitsu bihurtu dute urteotan. “Etxerako egin arren, gero eta jende gehiagok eskatzen zizkigun xaboiak, eta gero eta jende gehiago etortzen zen galdezka”, dio proiektuko kideak. Haien produktuak saltzeak zalantzak sortzen zizkien hasieran, ez baitzen hori asmoa, baina eskaria eta interesa bazeudela ikusita, pauso bat gehiago ematea erabaki dute duela gutxi: “Oraindik beste lan bat dudan arren, denborarekin honetatik bizitzea da gure asmoa; hori da amaren ametsa, baita nirea ere”.

Xaboiak eta xanpuak egiteko prozesua eskuz egiten dute, artisau moduan. Duela gutxi, ordea, obradore txiki bat eta produktuak lehortzeko tokia prestatu dituzte. “Xaboiak 40 egun behar ditu lehortzeko. Xanpuak, berriz, egun batetik bestera lehortzen dira, prozesu errazagoa da”.

Gorputza eta ingurumena zaintzen

Produktu naturalekin egiten dute lan Izpiliku kosmetikan, eta xaboi eta xanpuak egiteko darabiltzaten osagaiak hurbiletik eskuratzen saiatzen dira. “Lorategia daukagu etxean, eta amak aspalditik ezagutzen du belarren mundua: kalendula, izpilikua… ahal den neurrian etxeko landareak erabiltzen ditugu, oleatoak-eta eginez”, dio Lizarribarrek. Horrez gain, hurbileko denda txikiekin ere badute harremana; Abaltzisketako dendan erosten dituzte olioak, esaterako, eta trukean, haien xaboi eta xanpuak saltzen bertan. “Balerdipeko Erleak proiektukoekin ere harreman handia dugu; argizaria, eztia, polena eta horrelakoak haiei hartzen dizkiegu, eta haiek ere saltzen dituzte gure gauzak”.

Plastikoaren erabilera saihestu aldera, kosmetika produktu guztiak solidoan egiteko erabakia hartu zuten Izpilikuko kideek: “Badirudi pixkanaka gero eta gehiago dagoela, baina merkatu azterketa egin nuenean Donostian ibili nintzen xanpu solido baten bila, eta oso zaila zen aurkitzea”. Elikaduraren gaian ematen ari den kontzientziazioarekin alderatuta, pauso bat atzerago ikusten du Lizarribarrek kosmetikaren mundua, baina pixkanaka horretan ere aldaketak ematen ari direla sumatzen du: “Azaleko gero eta arazo gehiagorekin dabil jendea, eta esanen nuke hor ere badagoela behar bat eta kontzientziazioa”.