argia.eus
INPRIMATU
Etxean Egina xaboi-ekoizleak
“Kosmetikan ere, bilgarri politetik harago, baloreek garrantzia dute egun”
  • Serge eta Audrey Narbais baigorritarrak daude Etxean Egina xaboi-ekoizpen proiektuaren atzean. 2015ean jarri zuen bikoteak egitasmoa martxan, eta tailerra eta denda Baigorrin dituzte egun. Hurbileko lehengaiak eta ekologikoak darabiltzate haien produktuetan; xaboiak, kremak eta baltsamoak egiten dituzte, eta inguru hurbilean saltzen. Haienez gain, filosofia berarekin ekoitzitako bestelako kosmetika produktuak ere saltzen dituzte dendan, makillajea kasu. Proiektuaz eta haien ibilbideaz gehiago jakin nahi izan dugu, eta Audrey Narbais elkarrizketatu dugu horretarako.

Garazi Zabaleta 2022ko irailaren 06a

Nondik nora iritsi zineten xaboien mundura?

Serge kontularia da ofizioz, eta, ni estetizista. Nire autodidakta ibilbideak kosmetika natural eta begetalean espezializatzera eraman ninduen lehenik, eta geroago, saponifikazio hotzera. Lehengai gordinetatik —olio eta gurin begetalak, esentzia-olioak, erle argizaria, buztina edo aloe vera gela kasu— kosmetika egitea beti interesatu zait, amalurrak guri eskaintzeko gauzarik onenak dituela uste dudalako. Bestetik, saponifikazio hotza deskubritu nuenean erabateko konbikzioa izan nuen, hotzean egindako xaboia produktu ekologiko eta ekonomikoa delako bai ekoizpenaren aldetik eta baita erabilerarenetik ere.

Xaboiak egiteko ez duzue oliorik berotzen, beraz?

Hori da, gure fabrikazio metodoa hotzeko saponifikazioa da, gure amonek antzinan egur errautsarekin erabiltzen zuten prozedura bera. Olio eta gurin begetalak darabiltzagu xaboiak egiteko, eta hotzeko metodoarekin lehengai horien propietate natural guztiak mantentzen ditugu, ez baita sukaldatzen ezta tenperatura altuan berotzen.

Prozesu osoa zuek egiten duzue tailerrean?

Bai, tailerra eta denda ditugu Baigorrin, eta bertan egiten dugu dena. Eskala txiki eta artisauean gelditzea da gure asmoa, horrek esan nahi du eskuz egin nahi dugula lan, eta horrela egiten da gurean ia prozesu osoa, salbu makina hauek darabiltzagula: xaboiaren emultsioa egiteko irabiagailua, zenbait kosmetika produktutarako robot-irabiagailu bat eta aurpegiko krema potoak betetzeko makinatxoa. Gozotegi baten antza du gure tailerrak!

Geroz eta gehiago begiratzen al zaio kosmetika produktuetan ere bertakoari eta ekologikoari? Zer sumatu duzue urteotako ibilbidean?

Esan dezaket duela hogei urte kosmetikaren munduan hasi nintzenetik gauzak asko aldatu direla. Lehen, kosmetika konbentzionalarekiko interesa besterik ez zegoen, eta kosmetika produktuak haien etiketa edo bilgarriagatik ziren erakargarriak haien edukiagatik baino. Gaur egun, kontsumitzaileak askoz sentsibilizatuagoak daude: kalitateari eta kontsumo-etika egokia izateari ere garrantzia ematen diote, artisau txikion alde. Sumatzen dugu benetan badagoela gogoa balore eta etika batzuen arabera egindako produktuekiko.