argia.eus
INPRIMATU
Kortxoenearen aldeko jaialdia ospatuko da ostiralean Donostian
  • Kortxoeneako hustearen ondoren iritsi diren isunei aurre egiteko jaialdia antolatu dute Donostian. Urriaren 28an, ostirala, ospatuko da Doka antzokian, 20:30etatik aurrera.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 26a
Jaialdiaren aurkezpen kartela. (Arg.: Kortxoenea.com)

Jaialdian Physis Versus Nomos, Txemak eta Sonido Vegetal taldeen presentzia dagoeneko konfirmaturik dago. Taldeen ostean Dj Miauk emango dio ekitaldiari amaiera.

Kortxoenea eraistean atxiloturiko bi gazteen aurkako prozesu judiziala martxan da eta jaialdia horrek eragiten dituen gastuei aurre egiteko antolatu dutela azaldu dute. Epaiketak aurrera egin ahala gastuak zenbateraino iritsiko diren ez dakite. Gazteek irabaziz gero, enpresa eraikitzaileak epaiketaren gastuei aurre egin beharko die eta kalte ordainak ordaindu. Epaileak higiezinen enpresari arrazoia ematen badio, ordea, prozesuaren gastuak beren gain hartu beharko dituzte.

Bi atxiloketek eta ondorengo epaiketak eragindako gastuei, hainbat manifestazio eta ekintzetan jasoriko isunak gehitu behar dizkiete. “Mozal legea” aplikatu dietela salatzen dute.

Aurrera begira, dirua lortzeko ekitaldi gehiago egiten jarraitzeko asmoa dute. Azaldu dutenez epaiketen nondik norakoek argituko dute gastuen kopurua eta hauei aurre egiteko bideak aurkitu beharko dituzte. Azaroaren 3an, Kortxoenearen eraistearen urteurrenean, hainbat ekintza antolatuko dituztela aurreratu dute, dantza erakustaldiak besteak beste.