argia.eus
INPRIMATU
Kortxoeneako eraiste lanak gelditzeko agindu du Donostiako Epaitegiak
  • Donostiako epaitegiak badaezpadako neurri gisa eraisketa lanak gelditzeko agindu du. Bost egunean 3000€ bildu beharko dituzte badaezpadako neurria indarrean jartzeko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko azaroaren 13a

Donostiako Kortxoenea gaztetxea azaroaren 3an eraisten hasi ziren. Goizeko 7:15ean atea mailukada batekin hautsi eta aurpegiak estalita, metalezko zilindroak eskuan eta oihuka, eraikinean sartu ziren dozena bat pertsona. “Denak kanpora! Denak kanpora! Ez ukitu ezer!” garrasika eta minutu gutxian kolpe eta bultzakada artean, barnean "erresistentzia txandan" zeuden hiru kideak kanpora atera zituzten hauek ARGIAri kontatu ziotenez. Ondoren, aurpegia estalita zuten pertsona hauek korrika ihes egin zutela salatu zuten.

Okupazioa era publikoan egin zutenetik 72 ordu aspaldi igaroak zirenez, bertatik jendea ateratzeko epaitegi baten agindua behar zuen eraikinaren jabe den eraikuntza enpresak. Bi hilabete lehenago eraikina eraisten saiatu zirenetik, egitarau kultural oparoaz gain, erresistentzia txandak antolatu zituen asanbladak eta 24 orduz jendea zegoen bertan.

"Behin eta berriro salatu dugu desalojoa guztiz legez kanpokoa izan zela. Eraikuntza enpresaren soldatapeko mertzenarioek, enkaputxatuta eta burnizko barrak eskuetan zituztelarik, Kortxoenean lotan zeuden hiru kide kanporatu zituzten oso modu bortitzean", salatu dute.

Azaroaren 3an eraikina eraisten hasi zirenetik hondeamakinak lanean aritu dira. Egun ez dago erabilgarri azpiko argazkian ikus daitekeenez.

Groseko gaztetxea zenaren egoera egun. (Arg: Kortxoenea)

Bitartean Kortxoeneak elkartasuna jasotzen jarraitzen du. Asteburuan 2500 pertsonatik gora bildu ziren manifestazioan. Ostegunean Donostia Kulturako langile talde batek gaztetxearen alde agertzea erabaki dute "Donostiak horrelako kultur proiektu herrikoiak bermatu behar dituela uste baitugu".

Informazio gehiago: