Asteazkenean izan du epaiketa Aritz Cevidanesek Donostian, Kortxoenea gaztetxearen desalojoan eraso egin zioten segurtasun enpresa pribatuko kideen aurka salaketa jarrita. Beste salaketa batzuk ere jarri zituzten gaztetxeko kideek, ilegal gisa definitzen duten desalojoa gauzatu zuten kideen eta enpresaren aurka. Epaileak artxibatu egin zuen auzia. Uztailean Kortxoeako husteari buruzko epaiketan hau ilegala izan zen ala ez ebatziko dute.
Kontatuko diguzu zure kasua? Nola amaitu zenuen Kortxoeneako teilatuan?
Egun hartan kirola egitera nindoan goizean, amak abisatu ninduenean Kortxoenea desalojatzen hasiak zirela. Htara joan nintzen eta 8:00ak inguruan 10-15 bat lagun geunden kanpoan. Barruan lo egin zuten hiru lagunak han zeuden, batzuk zapatilak eta lotu gabe, baten bat shock egoeran eraikinaren barruan gertatu zenagatik. Segurtasun enpresa pribatuko kideek lerro bat egina zuten gaztetxeko sarreran eta barnean hondeamakina lanean hasi berri zen eraikina botatzen.
Zergatik igo zinen teilatura?
Desalojoa ilegala izan zen eta eraisketa ere bai. Nolabait geratu egin behar genuen, eta argi zegoen seguratak zeuden aldetik ezin ginela sartu. Aukera bakarra teilatura igo eta makinak geldiaraztea zen.
Kortxoenean ibilitakoa zara zu?
Orain urte asko, auzoko Gazte Asanbladan gaztetxea behar genuela ondorioztatu eta honen alde egin genuen borroka. Behin gaztetxeko proiektua abian, urte batzuk kanpoan egin ditut ikasten eta pixka bat urrunagotik bizi izan dut. Halere, proiektua auzotar guztiona zela defendatzen genuen, eta gure sentitzen genuen. Auzoak behar zuen hori defendatzeko erabaki nuen teilatura igotzea.
Zer gertatu zen teilatuan?
Hiru lagun igo ginen, atzeko aldetik. Aurretik begiratua genuen nola egin. Igo ginenean, ikusten genituen jefazo guztiak: enpresakoa, segurtasunekoa, langileena... ez zuten espero gu igotzea eta sorpresaz harrapatu genituen. Hondeamakina lanean ari zen ertzera joan ginen. Pixka batean jarraitu zuen gu oihuka ari ginela, eta azkenean nagusiak gelditzeko esan zion. Enpresa pribatuko bi segurata igo ziren eta zuzenean guregana etorri ziren, ia hitzik esan gabe. Oso jarrera harroputz eta prepotentearekin etorri ziren eskuburdinak eskuan zituztela. Batek esan zuen: “¿Quién es el primero?”. Ez ginela jaitsiko esan genion, eta niregana etorri ziren. Bien artean hartu ninduen eta hainbat minutuz atzera eta aurrera ibili ginen. Beso banatatik hartu ninduten eta azkenean lurrera bota ninduten. Ezkerreko besoa atzean jarri zidatenean, gainera, indar handiz egin zidan eta gerora hor lesioa izan dut. Besteak belauna aurpegiaren gainean jarri zidan eta hor jada ikusi nuen ez nuela zereginik. Eskuburdinak jarri zizkidaten, eta atera egin ninduten. Gu bai ala bai jaistera etorri ziren.
Eskuburdinak jarrita jaitsi zintuzten teilatutik?
Hasteko, eskuburdinak oso estu nituela esan nien, baina izorratzeko esan zidaten. Ondoren, ertzera eraman ninduten, teilatura igotzeko eskailera metaliko bat jarri baitzuten, eta ni hortik jaistea nahi zuten. Ezezko borobila eman nien. “Askatuko zaitugu eta jaitsi”, esan zidaten. Nik berriz ere ezetz, ez nintzela jaitsiko. Hirugarren pertsona bat agertu zen orduan, tirabiran genbiltzala. Kalez jantzita zegoen eta Imanol deitzen zioten. Askatu egin ninduten. Imanol hori segurtasun enpresako langileen eta eraikuntza enpresaren lotura lana egiten zuena zela, eta desalojo ilegalean parte hartu zuela uste dugu. Goizean goizetik lo zeuden hiru lagun kolpeka atera zituzten hamar pertsona kaputxadunek, eta hau bat izan daiteke. Gutako batek ezagutu egin zuen Kortxoenea kanpoan. Gure segurtasunagatik zela eta jaisteko esaten zigun, eta guk ezetz, Ertzaintza etorri arte ez ginela jaitsiko. Desalojoa ilegala zelako, Ertzaintza etortzea nahi genuen. Handik 5-10 minutura patruila bat etorri zen, zuzenean igo, identifikarazi gintuzten eta jaisteko esan ziguten. Panorama ikusita, jaitsi egin ginen.
Zer ikusten zen teilatutik?
Kalea hesituta ikusten zen, hori egiteko joan ziren hain goiz, jendea lo zegoela eta ziztu bizian egin zuten, gero Donostiako Udaleko teknikariaren sinadura lortzeko. Behean geroz eta jende gehiago biltzen ari zen. Hasieran 10-15 izatetik, 50etik gora erraz izango ziren gu jaitsi aurretik. Alde batean protesta; eta aparkalekuan zeuden segurata piloa, eraikuntza enpresako jefea, bere eskubiko eskua eta beste pare bat pertsona. Argi zuten, helburua zen eraikina eraistea berriro berreskuratu ezin uzteko moduan. Pilaretako bat suntsituz hasi ziren.
Zergatik sartu duzue salaketa?
Erasoa egon zelako, eta gero ukondoan hilabetetik gora mina izan nuen. Segurtasun enpresari salaketa jarri nahi izan diogu, hemendik atera zitezkeen beste gauza batzuk mahai gainean jarri nahi genituelako, aurrerago datozen epaiketetarako lagun zezaten.
Zer moduz joan zen epaiketa asteazkenean?
Nahiko azkar. Epailea oso ohituta zegoen, “delitu arina” baitzen. Esateko genuena mahai gainean jarri genuen argazki eta guzti. Beraiek jo zuten esatera gure segurtasunagatik egin zigutela erasoa. Pilarea eroria zegoela eta beren bizitza arriskuan jarri zutela guri laguntzeko. Ez dakit zer aterako den.
Zer inpresiorekin geratu zara Kortxoenea bota zutela urtebetetik gora igaro denean?
Pasa zen, eta oraindik dena geldi dago, eraikina botata eta proiektua kolpatuta. Elkarrizketak izan genituen hasieran udalarekin, gaia gori-gori zegoenean eta eskuak garbitu zituzten. Gerora baina, ezerezean geratu zen dena, gaia hoztutakoan albo batera utzi baitzuten. Urtebete pasa da eta orain epaiketak hasi dira. Maiatzean eta uztailean beste epaiketa batzuk daude, eta uste dut berotzen joango dela berriz ere Kortxoenearen gaia.