argia.eus
INPRIMATU
Epaituek kartzela saihestuko dute eta “Ertzaintzaren akusazio faltsua” salatu dute
  • Bi pertsona atxilotu zituzten Donostiako Gros auzoan eraitsi zuten Kortxoenea gaztetxearen desalojo egunean, Ategorrieta kalean egindako eserialdian. Urtebeteko espetxe zigorra eskatzen zieten biei.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko maiatzaren 04a
Epaiketa salatzeko eta babesa adierazteko kontzentrazioa egin dute epaitegi aurrean. (Argazkia: L. Arbelaitz)

Ostegun goizean egin dute epaiketa eta akordio batera heldu dira: batari hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote eta besteari sei hilabetekoa. Horrez gain, bi urteko kondena suspentsioa ezarri diete.

Elkarretaratzea egin dute "muntaia polizialik ez, Kortxoenea aurrera" lelopean. Kortxoeneako kideek prentsari egindako adierazpenetan, salatu dute bi auzipetuek "faltsuak ziren kargu batzuk onartu behar izan dituztela" espetxea ekiditeko.

Kortxoenearen eraisketa egunean Ategorrietan egindako eserialdian autoritatearen aurkako erasoak eta autoritateari erresistentzia egotzi zieten. Kartzela sahiestuko duten arren, bi urteko kondena suspentsioak esan nahi du bi urte hauetan atxilotuak badira, kartzelara joango direla. "Kode penalaren gogortzeak jendea desaktibatzea du helburu. Bi urte horietan espetxe zigorra gainean izango dute", salatu dute.

Poliziren hitza herritarren hitzaren gainetik dagoela salatu dute, eta nahiz eta bi auzipetuek lekukoak eraman ikusi zutenak ez zela halakorik gertatu, ez dute beste aukerarik izan onartzea baino, espetxe zigor baxuena lortze aldera.

2015eko azaroaren 3 hartan ARGIAk grabatutako bideo hauetan ikus daitezke errepide mozketa eta Ertzaintzaren jarduna.

Azpiko bideo honetan ikus daiteke epaitu berri duten kide baten atxiloketaren unea.

 
Uztailean eraikuntza enpresaren aurkako epaiketa

Gogorarazi dute uztailean epaiketa izango dela, legez kanpoko eraisketa izan zela argudiatuta eraikuntza enpresaren aurka.

Kortxoenearen desalojoaren harira Mozal Legea aplikatzen ari direla salatu dute eta jada sei isun jaso dituztela. "Mozal Legearen bidez herri mugimendua itotzen saiatzen ari dira".